Espainiako Kongresuak gaur onartu du larrialdi egoeraren seigarren eta azken luzapena egitea; hala, ekainaren 21a arte luzatuko da alarma egoera. Aldeko botoak 177 izan dira, horietan EAJren eta Ciudadanosen babesa giltzarria izan da. Aurkako bozkak, berriz, 155. Ezezko botoa eman dutenak Alderdi Popularra, Vox, JxCAT, Compromis, CUP, UPN eta Foro Asturias izan dira. Azkenik, ERCren, EH Bilduren eta BNGren botoekin, abstentzioak 18 izan dira.

Ondo bidean, datorren astelehenean, ekainaren 8an, Hego Euskal Herriko lurraldeak hirugarren fasera igaroko dira. Fase honetan, autonomiek erabakimen handiagoa izango dute, eta fasea nolakoa izango den erkidegoko presidentearen esku egongo da. EAEren kasuan, Iñigo Urkulluk zehaztuko ditu hirugarren faseko neurriak. Horrez gain, 3. fasetik “normaltasun berria” deituriko arora noiz igaro eta fase horren iraupena zein izan behar den erkidego bakoitzak erabakiko du.

Bestalde, Espainiako Gobernuak iragarri du datorren astearteko batzarrean onartuko duela “normaltasun berria” arautzeko dekretua. Baina Sanchezek nabarmendu du oinarrizko segurtasun neurriak bermatzeko baldintzak soilik ezarriko dituztela.

Hirugarren fasean zer?

Eusko Jaurlaritzak, dagoeneko, bidali dio Espainiako Osasun Ministeritzari EAE guztia, “Bizi berri” planaren bitartez, hirugarren fasera pasatzeko proposamena. Proposamen horrek hainbat neurri biltzen ditu, eta orain, Espainiako Gobernuak berretsi behar du.

  • Mugikortasuna eta ordu-tarteak
    • Mugigarritasun mugagabea EAEko lurralde historikoen artean.
    • Autonomia erkidego ezberdinetako mugakide diren lurraldeen eta probintzien arteko mugikortasuna, baldin eta fase berean badaude.
    • Jarduera fisikoa garatzeko adinekoentzako eta ahulentzako lehentasunezko tarteari eustea.
    • Mugikortasuna Euroeskualdean (Euskadi-Akitania-Nafarroa).
  •  Garraioa
    %100eko maiztasunak eta edukierak garraio publikoaren modalitate guztietan, nahitaezko maskararen erabilerarekin eta ausazko tenperatura kontrolak geltoki itxietan.
  • Ostalaritza, Turismoa, Elkarteak eta Merkataritza
    • Saltoki, denda eta merkataritza-guneetako edukiera % 60ra handitzea, eremu komunak eta jolas-espazioak barne.
    • Tabernak, jatetxeak eta elkarte gastronomikoak: edukiera-mugarik gabe, 2 metroko distantziarekin barruko eta terrazetako mahaien artean.
    • Barrako zerbitzua baimentzen da, gutxienez 2 metroko tartea utzita bezeroen edo bezero-taldeen artean.
    • Hotelek eta ostatu turistikoek % 50eko edukiera izango dute eremu komunetan.
    • Naturako turismoa eta mendi-ibiliak, gehienez 30 pertsonako taldeentzat izango dira.
  • Kultura-jarduerak, kirola eta aisialdia
    • Liburutegiak %50eko edukierarekin. Mailegurako eta irakurketarako.
    • Zinema, antzoki, hitzaldi-areto eta auditorioak, aurrez ezarritako besaulkiarekin eta edukiera % 50ean.
    • Hitzaldiak eta jardunaldiak leku itxietan, % 50eko edukierarekin, gehienez 80 pertsona.
    • Gune irekietako ekitaldietan eta ikuskizunetan, % 50eko edukiera, gehienez ere 1.000 lagun, eserita eta 2 metroko distantziarekin.
    • Goi mailako arrauna eta pilota entrenamenduen hasiera.
  • Udalekuak
    Haur eta gazteei zuzendutako eguneko aisialdiko jarduerak, barruko espazioetan, % 50eko edukiera eta gehienez 80 lagun; espazio irekietan, berriz, % 50eko edukiera eta gehienez 200 pertsona (begiraleak barne). Jarduerak gehienez 12 pertsonako taldeetan antolatuko dira, begiraleak barne.