Eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresari txikien negozioak ezagutarazteko eta bertako kontsumoa sustatzeko helburuarekin martxan da Olatura-up egitasmoa. Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Sustapeneko Zerbitzuek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean egindako ekimen hau ekainean zehar garatuko da.

Covid-19ak sortutako testuinguru berri honetan, ezinbestekoa da ekintzaile nahiz enpresari txikiek jauzi digitala egitea. Izan ere, herritarren aldetik nabari da kontsumorako joera-aldaketa. Indartzen ari da gertuko eta bertako negozioen aldeko hautua eta, horretarako, geroz eta ohikoagoak dira Internet bidezko bilaketak.

Hain zuzen ere, ekimenaren helburua bikoitza da. Alde batetik, eskualdeko ekintzaile eta enpresariei teknologia berrien “olatura igotzeko” baliabideak eskaini nahi zaizkie; ikusgaitasuna areagotu eta beren jarduna ezagutarazi dezaten. Bestetik, eskualdeko negozioen mapa digitala osatuko da; eskualdeko herritarrek gertuko eta bertako kontsumoaren alde egin dezaten.

Google My Business

Helburu horiek lortzeko Google My Business erreminta erabiliko da. Izan ere, interneteko presentzia nabarmen hobetzeko doako erreminta praktikoa da, eta gaur egun, baita irisgarritasun gehien duen plataforma digitala ere. Hiru jarduera zehatzen bitartez egingo da Olatura-up ekimena:

  • Sortu edota hobetu zure negozioaren Google My Business fitxa
    • Hutsetik Google My Business fitxa sortzeko bideotutoriala ekainaren 8tik aurrera, UKUEren YouTube kanalean egongo da eskuragarri.
    • Google My Business fitxa hobetzeko, webinar bitartez, ekainaren 18an, zuzeneko saioa praktikoak eskainiko dira: 11:00etan euskaraz, eta 13:30ean gaztelaniaz. Saio horretarako izen-ematea formulario hau betez egin daiteke.
  • Banakako aholkularitza
    Euren negozioaren Google My Business profila hobetzeko eta horrela bezeroak erakartzeko, partehartzaileek banakako aholkularitza jasoko dute. Aholkularitza hori jaso ahal izateko, ekitenurolakosta@gmail.com posta elektroniko bidez eman behar da izena.
  • Eskualdeko eskaintzaren erakusleihoa
    Gertuko eta bertako kontsumo lokala bultzatzeko, partehartzaile guztiekin eskualde mailako negozioen mapa osatuko da. Herritar guztien eskura jarriko da, eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikien argazki edo erakusleiho digitala. Negozioa mapan sartzeko galdetegi hau bete behar da.