Eusko Jaurlaritzak uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hainbat osasun-neurri zehaztu ditu. Jaurlaritzatik adierazi dutenez, “jarraibide horien helburu nagusia da herritarrek botoa emateko eskubidea berme osoz gauzatu ahal izatea”.

Osasun sailak hartutako neurriak
    • Hauteskunde-kanpainako ekitaldietarako lekuetan eta ekitaldi horietan bete beharreko jarraibideak Hauteskunde-ekitaldiak egiten direnean, saihestu egingo da kontaktu pertsonala, eta beti errespetatuko da ezarritako segurtasun-tartea. Era berean, saihestu egingo da edozein motatako objektuak edo liburuxkak eskura ematea. Leku itxietan egiten diren ekitaldietan, gel hidroalkoholikoa jarriko da sarreran, eta eskuzkoa ez den estalkidun zakarrontzi bat irteeran. Jarduera amaitu ondoren, lekuak desinfektatu egingo dira.
    • Hauteskunde-mahaiak eratzeari, horien kokapenari eta barneko antolaketari buruzko jarraibideak
      • Hauteslekuak ez dira adinekoen egoitzetan kokatuko.
      • Hauteskunde-mahaia osatzen duten pertsonen arteko segurtasun-tartea (1,5 m) bermatuko da, bai eta botoa ematera joaten diren pertsonen artekoa ere. Berdin egingo da altzarien kasuan ere: boto-kutxa, kabinak…
      • Ordena mantentzen dela bermatzeko, hauteslekurako sarbideetan, antolaketa-neurriak hartuko dira. Horretarako, jende pilaketak eragozteko, sarrera-irteerak antolatuko dira. Ilarak sortzen badira, hautesle zaurgarriak (65 urtetik gorakoak edo haurdun dauden emakumeak) lehenetsiko dira.
    • Posta bidezko botoa
      Batetik, posta bidezko botoa egiteko ohiko prozedura jarraituko da, eta, bestetik, boto-eskaerak ahalordetzeko notario esku hartzea behar den kasuetarako segurtasun-neurriak ezartzen dira
    • Higiene-jarraibideak hauteslekuetan
      • Bozketa-egunaren aurretik, instalazioak desinfektatuko dira.
      • Bozketa-egunean, aireztatuta egongo dira hauteslekuak, eta mahaiak, boto-kutxak eta kabinak tarteka garbituko dira, bai eta komunak, ateen heldulekuak, eskudelak eta sarri ukitzen diren bestelako gainazalak ere.
      • Hauteskunde-mahaiak ixten direnean, lokalak garbitu eta desinfektatuko dira.
      • Hauteslekurako sarreran nahiz mahaietan gel hidroalkoholikoa egongo da, bai eta zakarrontziak ere.
    • Mahaiko kideen eta gainerako langileen babes pertsonalari buruzko jarraibideak
      Segurtasun-tartea uztea, maskara kirurgikoa erabiltzea (materiala emango zaie) eta eskuak sarri garbitzea. Boto-zenbaketan neurri horiek areagotzea eskatzen da. Gainera, ez dute beren eskuekin NAN edo bozketa gutunazalak ukitu beharrik izango.
    • Hautesleentzako jarraibideak
      Hautesleku barruan ahalik eta denbora gutxien egoteko, komeni da pertsona bakoitzak, etxetik irten aurretik, errolda-txartelean begiratzea botoa zein hautesleku, sekzio eta mahaitan eman behar duen, bai eta dokumentazioa prestatzea ere.
  • Mahaiko zenbaketa
    Neurri hauek hartzea eskatzen da: distantzia, maskara eta eskuak garbitzea. Nitrilozko eskularruak eta FFP2 maskarak emango dira.
Jarraibideen eskuliburua

Hauteskundeetako mahaikideei jarraibideen eskuliburua emango zaie, eta oraingoan, hauteslekuetako osasun-gomendioak jasotzen dituen eranskin bat ere izango du. Udalek ekainaren 13tik 17ra bitartean zozketa egiten dutenean, izendapenaren jakinarazpenarekin batera, eskuliburua hauteskunde-mahaietako lehendakariei, kideei eta ordezkoei banatuko zaie.

Hautesleku gehiago

Osasun Sailak proposatutako osasun-neurriek eragina izan dute hauteskunde-egunean jarriko diren 2.678 hauteskunde-mahaien antolaketan. Horrela, hauteskunde hauetan aurrekoetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira: sei gehiago Araban, 27 gehiago Bizkaian eta 8 gehiago Gizpuzkoan.

Horrez gainera, 761 hauteslekuetatik 100ek beste kokaleku bat izango dute. Herritarrek, beraz, arretaz irakurri beharko dute EINk etxeetara bidaliko duen errolda-txartela, bertan jartzen baitu hautesle bakoitzak zein hautesleku eta mahaitan eman behar duen botoa.

Posta bidezko botoa

Posta bidezko botoa emateko epea maiatzaren 19an hasi zen eta orain dela lau urte denbora berean eskatu zen boto bakoitzeko zortzi eskatu dira. Izapideak hasteko epea uztailaren 2an amaituko da. hauteskundeak.eus webgunearen bidez, posta bidezko botoa eskatzeko EINren formularioan zuzenean sar daiteke. Formulario hori norberaren datuekin bete eta sinatu ondoren, eskaera dagokion posta-bulegora eraman behar da.

Era berean, Hauteskunde Batzorde Zentralak Correos gaitu du bere webgunetik boto-eskaerak telematikoki eta sinadura elektronikoarekin egin ahal izateko. Posta bidezko botoa eskatzen dutenek, postariak hauteskunde-dokumentazioa etxean ematen dienean, aukera izango dute postariari botoa emateko, posta-bulegora joan beharrik izan gabe.

Beti bezala, eskaerak Correosen bertan presentzialki izapidetu ahal izango dira. Getariako Correosen bulegoan hauteskundeak direla eta, ordutegia zabaldu du: astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara; ostegunetan 18:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara.