Atzo aurreratu genizuenez, neurri bereziekin, uztaileko udaleku irekiak egitea erabaki du Urritzak. Koronabirusaren ondorioz, egingo dituzten ekintzak egoera berrira egokituko dituzte eta aurtengo udalekuak desberdinak izango dira. Bart, Urritzak bere Facebook orrialdearen bitartez, udalekuen inguruko xehetasun gehiago eman zituen, eta gaurtik aurrera, izen-ematea zabalduko dutela iragarri zuten.

Urtero bezala, uztailaren 1ean hasi eta 30era bitartean egingo dira, eta Haur Hezkuntzako 3. mailatik Lehen Hezkuntzako 5. mailara bitarteko umeei egongo dira zuzenduta. Bestalde, jakinarazi dutenez, egoerak hala behartuta, aurten ez da Txiki Txoko egingo.

Taldeak txikiagoak izango dira eta begirale bakoitzaren gain sei haur egongo dira. Ordutegiari dagokionez, talde bakoitzak bere elkartzeko eta jasotzeko lekua izango du eta jende pilaketak ekiditeko helburuarekin, ordutegi tartea zabalduko da: elkartzeko 9:30-9:45, eta jasotzeko 13:00-13:15.

Izen-ematea

Begirale bakoitzaren gain haur gutxiago egongo direnez, ume kopurua mugatua izango da. Hori dela eta, aisialdi taldeak, Udalarekin batera, udalekuetan parte hartzeko zein haurrek izango duten lehentasuna argitzeko, irizpide batzuk zehaztu ditu.

Irizpideak hiru dira: haurra Getarian erroldatua egotea (4 puntu), uztailean bi gurasoak lanean egotea (2 puntu) eta hilabete osoa apuntatzea (puntu 1). Beraz, familia bakoitzaren egoeraren arabera, batzuek besteek baino puntuazio altuagoa eskuratuko dute. Hala, puntu horien arabera, lehentasun gehiena dutenetatik hasita, zerrenda bat osatuko da.

Gaur hasi eta ekainaren 12a bitartean, galdetegi honen bitartez egingo da izen-ematea. Momentuz, galdeketa egitearekin nahikoa da, ez da ordainketarik egin behar.

 

Lotutako albisteak: