Koronabirusak krisi sakona eragin du gure gizartean, eta familia eta pertsona ugariren egoera asko zaildu da. Getaria ez da salbuespena izan, eta hemen ere pandemia ondorio ekonomikoak eragiten ari da. Azken hilabeteetan, herriko gero eta pertsona gehiagok elikagaiak eskuratzeko laguntza eskatu dute.

Bigarren hilabetez jarraian, Getariako Udalak eta Caritasek elkarlanean, Gipuzkoako Elikagaien Bankutik janaria ekarri dute. Lehen, hiru hilabetean behin egiten zen eskaera, baina maiatzaz geroztik, hilabetean behin egin behar izan dute. Joan den hilabetean, eskaera igo egin zen, eta ekainean, beharra dutenen kopurua 63 pertsonatik 77ra igaro da, lehengo hilean baino 14 pertsona gehiago.

Era berean, Gipuzkoako Elikagai Bankuari egindako laguntza eskaera ere %35 hazi da. Jose Manuel Pineda presidentearen arabera, erakundeak aurreikusi du urte hasieran 18.000 erabiltzaile izatetik ekainean 24.000 izatera igaroko direla. Erakunde horretako iturrien arabera, 2008an hasi zen krisi ekonomikoaren urterik txarrenetatik ez ziren ikusten datu horiek.