Ekainaren 19an, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Bertatik bertara kanpaina martxan jarriko du. Getariako Udalak eta herriko zerbitzu sektoreko hainbat eragilek parte hartuko dute kanpainan, eta helburua da “udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea.[…] Beti ere, euren nortasuna egokien islatzen duena euskara dela ahaztu gabe”. Ekimenak herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko balioko du.

Osasun krisiaren ondorioz, bidaiatzeko eta turismoa egiteko moduak aldatu egingo dira, eta inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu. Horregatik, horrelako ekimen bat egiteko garai egokia dela ikusi du UEMAk.

“Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere” dio denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako prestatatutako karteletan eta mahai-gainekoetan ageri den testuak. Zehazki, horiek izango dira lehen hilabete hauetan kanpainaren erakusleiho nabarmenenak. Kanpainarekin bat egin duten udalek banatuko diete material guztia merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei. Horrekin batera, komunikazio kanpaina egingo da hedabideetan, eta dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzeko “online” saioak eskainiko dituzte.

Udazkenean pauso berriak

Udazkenetik aurrera, ordea, udalerri euskaldunen garapena sustatu nahi du UEMAk. Horretarako, bertako produktuak eta elikagaiak, lehen sektorea laguntzeko ekimenak edota ekonomia sozial eraldatzailearen alde hainbat eragilek egindako bidea udaletatik laguntzeko modua zehaztu nahi dute.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzetan, “Gure herriez eta gure hizkuntzaz gozatzeko gonbidapena egitearekin batera, gure herriei bizirik eusteko bertako elikagaiak eta produktuak ere giltzarria direla nabarmendu nahi dugu, eta guztion hausnarketa eta ohitura aldaketak bultzatu. Zenbait herritan ekimen eredugarriak abiarazi dituzte azken urteotan ildo horretan, eta horiek ezagutaraztea eta udalei bide hori egiten laguntzea ere bada kanpaina honen hurrengo faserako aurreikusita daukaguna”.