Gaur goizean aurkeztu du Getariako Udalak, Gurutze Gorriarekin eta Foru Aldundiaren aholkularitza talde batekin elkarlanean, 2020ko hondartza denboraldirako prestatutako plana. Denboraldia datorren astelehenean, ekainaren 15ean, hasiko da eta irailaren 13a arte luzatuko da. Haritz Alberdi alkateak adierazi duenez, “jendearen segurtasuna bermatuz, asmoa da gure hondartzak irekiak izatea”. Getariako alkateaz gain, aurkezpenean izan dira Asier Martin, Gurutze Gorriko ordezkaria, eta Pilar Gutierrez, Getariako udaltzaina.

Konorabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, aurtengo denboraldia desberdina izango da. Hasteko, hondartzetako sarrera-irteeretan bi noranzko zehaztuta egongo dira, bata sartzeko eta bestea irteteko: “Sarrerak eta irteerak beti leku eta norabide beretik egingo dira”. Malkorbe hondartzaren kasuan, bi muturretan sarrera-irteera bana egongo da, eta orain arte bezala, hondartzaren erdialdean dauden eskailerak itxita egongo dira. Gaztetapen ere sarrera nagusia, aldapa, erabili beharko da.

Edukiera mugatua

Jende pilaketak saihesteko eta segurtasuna bermatzeko, Getariako bi hondartzetako edukiera muga zehaztu dute. Malkorbe bi eremutan banatu dute. Alde batetik, A eremua, hondartzaren iparraldea, eta bestetik, B eremua, hondartzaren hegoaldea. “A eremuan, gehienez, 802 pertsona egon ahal izango dira, eta B eremuan 728”. Gaztetapen, berriz, hondartza txikiagoa denez, eremu bakarra egongo da eta gehienezko edukiera 500ekoa izango da. Kantitate hori, beti ere, itsasaldiaren arabera aldatu egingo da. Itsasgora dagoenean, itsasbehera dagoenean baino jende gutxiago sartuko da.

Joan den astean Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaiak erabaki bezala, hondartzen edukiera eta okupazioa bideometria bidez kontrolatuko da. Hala, Foru Aldundiak eta AZTIk hondartza guztietako edukieraren neurketa egingo du eta horien emaitzak uztailaren 1etik aurrera, aplikazio baten bitartez, herritar guztien esku egongo dira. Horri esker, erabiltzaileek Gipuzkoako hondartzen uneko okupazio maila ezagutu ahal izango dute, eta nora joan daitezkeen eta nora ez jakingo dute.

“Semaforo-sistemarekin funtzionatuko du. Hondartzak argi berdea badu, lekua dagoela esan nahi du; argi laranja badu, edukiera laster beteko da; eta argi gorria badu, ezingo da hondartzara sartu”, azaldu du Alberdik. Edukiera gainditzean, udaltzainek eremuko sarrera itxi egingo dute, eta semaforoa berdea ipini arte hondartzako sarrerak itxita jarraituko du norbait irten arte.

Bestalde, edukieraren kontrola egiteko Udalak udaltzain laguntzaile bat kontratatu du. Jende pilaketak ekiditeaz eta hondartzako arauak errespetatzen direla bermatzeaz arduratuko da. TAO sistemako udaltzain laguntzaileen aukeraketa egiteko erabilitako irizpideen arabera egin dute kontratazioa.

Segurtasun distantziak errespetatu eta jende pilaketak ekidin

Hondartza barruan bi metroko segurtasun tartea errespetatzea nahitaezkoa da, eta elkarrekin, gehienez, 15 pertsonako taldeak egon ahal izango dira. Bainatu, ur-jolasak egin, eguzkia hartu, paseatu eta baimendutako guneetan kirola egin ahalko da. Boleibolean jokatzeko sareari dagokionez, “Espainiako Gobernuak hartzen dituen neurrien araberakoa izango da”, aitortu du Alberdik. Oraindik, jarriko den ala ez, ez da ziurra. Era berean, Udalak hondartza dinamikoen aldeko jarrera du eta egonaldi mugatuak egitea gomendatzen du.

Ohikoak baino dutxa gutxiago jarriko dira segurtasun distantzia bermatzeko. Zakarrontziak, berriz, hondartza sarreran jarriko dira; barruan ez da edukiontzirik egongo. Komunei dagokionez, egunero, 10:00etatik 19:00etara, irekita egongo dira. Hiru ordutik behin garbituko dituzte, eta bertan sartzeko, sarreran egongo diren gel hidroalkoholikoaz eskuak garbitu beharko dira. Segurtasun protokolo bereziekin, baina bainu egokitua aurten ere izango da.

Bestalde, hondartza sarreran eta barruan, erabiltzaileei hartu beharreko neurriak gogorarazteko, panel informatiboak ipiniko ditu Foru Aldundiak. Era berean, tarteka, megafoniatik oinarrizko neurriak azpimarratuko dituzte.

Denboraldi garestiena

Babes materiala dela eta, aurtengo sorospen zerbitzuen gastuak igo egin dira. “134.000 euro izan beharrean, aurten 138.169,49 euro izango da”, ohartarazi du Alberdik. Igoera hori beharrezko prebentzio neurriak hartzeko erosi behar izan dituzten materialen ondorioa izan da. Horrez gain, hondartzen antolamenduaz arduratuko den udaltzain laguntzailearen kostu gehigarria Udalaren gain egongo da.