Bost urtez lanean aritu ondoren, Asier Sustaeta azpeitiarrak zuzendutako Korosagasti filma argia ikusteko prest dago eta laster zinema aretoetara iritsiko da. Erabaki Produkzioaken azken lan hau 1926an Beizamako Korosagasti baserrian gertatutako krimenetan oinarrituta dago. Baserrian, ama eta alaba indarkeriaz hilik aurkitu zituzten, eta gertaera hura ez zen inoiz argitu.

Uztarriari eskainitako elkarrizketan zuzendariak adierazi duenez, “uste dut istorioak merezi duela kontatzea, istorio latza delako benetan. Gainera Azpeititik gertu, Beizaman, jazotakoa da gertakizuna, eta horrek are arrazoi gehiago eman zigun filma egiteko. Badut gaiak oso gertutik ukitzen duen lagun bat, eta hasieratik izan dut hari omenaldi moduko bat egiteko nahia ere”. Filmean ia 200 lagunek parte hartu dute, eta tartean, produkzio lanetan aritu da, Joseba Fuentes getariarra.

Sustaetak baieztatu du aurrestreinaldia Azpeitiko Soreasu Antzokian izango dela, eta lana Azkoitian, Zestoan eta Beizaman ere erakutsiko dutela. Hortik aurrera, filmak izango duen ibilbidea zein izango den zehazteke dute, baina banatzaileren batek lana zabaltzeko aukera aztertzen ari dira.

Argazkia: Korosagasti filma