Ekainaren 20an, larunbatean, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta, Getariako ELAN-Euskadik, Gaztetxeak eta Getariako Udalak, balkoietan Ongi etorri errefuxiatuak lema daramaten banderak jartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Aurreko urtean bezala, aurten ere, 6 euroren truke banderolak eskuragarri egongo dira. Horien salmenta Berdura plazan, 18:00etatik 20:00etara, ekainaren 15ean eta 19an egingo da.

Errefuxiatu kopurua inoiz baino handiagoa da

Nazio Batuen Erakundearen arabera, munduan 70,8 milioi pertsonek etxetik ihes egin behar izan dute, zalantzarik gabe, aurrekaririk gabeko zifra da. Horien artean, ia 25,9 milioi errefuxiatu daude, erdiak baino gehiago 18 urtetik beherakoak.

Mundu osoan zehar, gatazken eta jazarpenaren ondorioz, bi segundotik behin pertsona bat lekualdatu egin behar izaten da. Era berean, 10 milioi aberrigaberi nazionalitatea eta oinarrizko eskubideak (hezkuntza, osasuna, enplegua eta mugitzeko askatasuna) ukatzen zaizkie.