“Gipuzkoa Passport” izango du ardatz aurtengo udako kanpaina turistikoak. Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazitako ekimen honen helburua da Gipuzkoako erakargarritasun turistikoei balioa ematea, barne turismoa sortzea eta Covid-19ak eragindako krisiaren aurrean jarduera dinamizatzea. Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuaren hitzetan, “uda ezohiko honetan, pasaporteak Gipuzkoak eskaintzen dituen plan guztiak egitera eta esperientziak bizitzera gonbidatzen ditu herritarrak”.

Ekainaren 25etik aurrera, pasaportea Gipuzkoa osoko Turismo Bulegoetan egongo da eskuragarri. Guztira, 15.000 ale inprimatu dituzte eta bertan, eskualdeko turismoko eragileen laguntzarekin egindako 50 plan agertzen dira, eskualdeko bost plan.

Lurraldeko 32 turismo bulegoetako harremanetarako informazioa eskaintzen da eta norberaren hamar plan gustukoenak prestatzeko atala ere badago. Horrez gain, pasaporteak zigiluak jartzeko gune bat du. Zigilu horiek Gipuzkoako saltokietan, ostalaritza lokaletan eta museoetan eskuratuko dira. Gainera, kanpainarekin batera, Gipuzkoa Turismoko sare sozialen bidez –Instagram, @gipuzkoaturismoa; Facebook, Gipuzkoa Turismoa; eta Twitter, Gipuzkoaturismo– bi argazki eta kontakizun lehiaketa egingo dira.

Kanpainak urriaren hasierara arte iraungo du. Bitarte horretan, berritasunak izango dira: zozketak, sariak eta pasaportea osatzen dutenentzako aitorpenak. Hori guztia sare sozialetan garatuko da, baita www.gipuzkoaturismoa.eus webgune berriaren bidez ere.

Tokiko turismoa

0 kilometro filosofia oinarri hartuta, Aldundiak Gipuzkoan barne kontsumoa handitzea ekarriko duen tokiko turismoa sortu nahi du. Lasak azaldu duenez, “gure etxean bidaiari izateko momentua da, inoiz baino gehiago. Tokiko konpromisoari, konfiantzari eta kontsumoari heldu behar diegu, alor honetan ere, zigor handia jasotzen ari diren sektore hauei aurrera ateratzen laguntzeko: ez bakarrik turismoari, baita ostalaritzari, merkataritzari edo lehen sektoreari ere. Guztion artean laguntzeko momentua da, bakoitzak dituen aukeretatik abiatuta”.

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia