Atzo arratsaldean egin zuten Getariako 19. Literatura Lehiaketako sari banaketa. Epaimahaiak apirilean eman zituen jakitera irabazleak, baina konfinamendu garaia zenez, ezin izan zen orduan ospatu ekitaldia. Udaletxeko batzar aretoan batu ziren atzo saritu gehienak, epaimahaiko kideak eta hainbat udal ordezkari.

Aurten 84 lan, 81 ipuin eta hiru olerki edo bertso, aurkeztu direla gogoratu zuen Erun Ortiz Udaleko kultura teknikariak. Itziar Larrañaga Euskara eta Kultura zinegotziak, Ane Zubia Iturzaeta Herri Eskolako zuzendariak eta Iure Eizagirre Artzapeko kideak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta ekitaldiaren hasieran esker oneko oparia jaso zuten azken biek.

Ondoren, banan-banan, oroigarria eta saria jaso zituzten irabazleek. Nahia Otaduy ez zen aretoan izan baina gordeta geratu zen bere saria. Honakoak izan dira aurtengo sarituak:

  • LH 3. maila: Nahia Otaduy Lazkanoren Tristura txikia eta Unax Zulaika Urangaren Jon eta bere futboleko taldea ipuinak.
  • LH 4. maila: Suzanna McCallumen Zaldi beltza eta Julene Basurto Olaizolaren Bizitza bakarra da ipuinak.
  • LH 5. maila: Peru Irazu Larrazabal Mozorroen armairua, Etxahun Olabarri Ezenarroren Denboraren bidaia eta Irati Vicente Ezenarroren Maddi eta izotz pistako ate misteriotsua ipuinak.
  • LH 6. mailako ipuina: Uxue Ulacia Alberdiren Animaliak surfean eta Ibai Basurto Olaizolaren Jokin Afrikan ipuinak.
  • LH 6. mailako bertsoa: Ibai Basurto Olaizola eta Uxue Ulacia Alberdiren Getaria bertsoa.
  • 14-16 urteko bertsoa: Amets Aizpurua Mancisidorren (Bas)herritar baten gogoeta.
  • Helduak: Ane Azkue Etxeberriaren Kaioen karranken artean biluzik ipuina.

Lan guztiak irakurgai eta entzungai dituzue hemen.

Ekitaldiaren amaieran saritutako Getaria eta (Bas)herritar baten gogoeta bertsoak abestu zituzten, hurrenez hurren, Ibai Basurto eta Uxue Ulaciak, eta Amets Aizpuruak.

 

Lotutako albisteak: