Ostiraleko 00:00etan hasi zen uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpaina. Gaur eguerdian egin dute lehen ekitaldia Getarian, EH Bilduko ordezkariak izan baitira frontoian. Bertan parte hartu dute Haritz Alberdi Getariako alkateak zein Lore Martinez eta Oihana Etxebarrieta Gipuzkoako zerrendagaiek.

Haritz Alberdi alkateak hartu du hitza lehenik, eta urtebete egin du atzera, udal hauteskundeetara. Orduan ere “irabaztea” zela aukera bakarra gogorarazi du. Ezker abertzaleak Getariako alkatetzan daramatzan bederatzi urteen errepasoa egin du eta adierazi, aurten gauza asko egiteko asmoa zuten arren, pandemiak oztopatu duela. Hala ere, egoeraren aurrean hartutako neurriek eragina izan dutela eta “ondo” ari direla azpimarratu du. “Herria martxan” dagoela eta hala jarraituko duela ere esan du.

Lore Martinezek hitz egin du ondoren, herriarekin duen lotura nabarmenduz hasieran. COVID-19aren pandemiak hainbat esparrutan -zaintza, hezkuntza, elkarlana eta telelana- eragin eta euskararen presentzia espazio publikotik desagerrarazi duela salatu du. “Demokraziak euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu” behar duela argudiatuta, administrazioa euskaldundu, Euskararen Legea eguneratu eta hizkuntza politika berria diseinatu behar direla nabarmendu du. Gainera, krisi garaian herritarrei ekarpena egin dieten sortzaileak zein kulturako langileak izan ditu gogoan. “Lehen ere zuen lana ezegonkorra bazen, are gehiago orain, ezengonkortasun eta prekarietate hori handitu egin da”. Horren aurrean, krisi funts ekonomikoa sortzeko eta arautzeko zein euskal artista eta sortzaileen estatutua onartzeko nahia azaldu du.

Egun legebiltzarkide den Oihana Etxebarrietak, ipuin baten bitartez, adierazi du beti berdina entzuten bada, ezin daitekeela sinetsi beste zerbait egon daitekeenik. EAJ jarri du errelato bakar horren atzean eta euskal gizartea anitza dela nabarmendu du. Aniztasun horren baitan sartu ditu indarkeria matxista jasan edo doako zaintzan aritzen diren emakumeak, pandemiak eraman dituenak, espetxeetan edo ihesian daudenak nahiz lan istripuetan hildakoak. Era berean, konfinamendu garaiko txaloak “politika publiko” bilakatu behar direla eta osasungintzan zein hezkuntzan ez dutela murrizketarik onartuko azpimarratu du.

Lan eredu gisa talde lanean sinisten dutela esan du Etxebarrietak, eta uztailaren 12an bi aukera daudela: “Orain arte bezala jarraitzea edo proiektu konpartitu batean, pertsonak erdigunean egotea”. “Herrian, herritik eta herritarrentzat lan egiten badakizue Getarian” esanez amaitu du hitzartzea.

 

Lotutako albisteak: