Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak martxan jarri berri duen odola emateko 55. kanpainaren barruan, erauzketak egingo dituzte bihar, ekainak 29, Ulpiano Etxean. Egoera kontuan izanda, goizean hitzordua eskatzeko deia egin dute. 943 007 885 da horretarako telefono zenbakia.

COVID-19ak eragin duen egoera tarteko, odola ematerakoan segurtasun neurriak indartu dira. Sabin Urzelai elkarteko lehendakariak azaldu duenez, “bermatuta dago odol ateratzeak segurtasun osoz egiten direla, bai odol emaileentzat, bai horiei laguntzen dieten osasun langileentzat”.

Odola emateko deia

Besarkaden zain, besoen beharrean izenburupean gauzatuko du Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak kanpaina berri hau. Lehendakariak azaldu du odol bankuak 1.244.000 odol emate jaso dituela 55 urteotan; “urrian 1.250.000 odol ematera iristea da helburua”.

Egun, 18.000 odol emaile aktibo ditu eta emaitzak onak badira ere, “gipuzkoarren elkartasuna beharrezkoa da, erreserba mailei eusten jarraitzeko aukera izan dezagun, eta horrela, behar dugunean, transfusio bat jasotzeko denok dugun eskubidea berma dadin”.