1987. urteaz geroztik, antxoa helduaren populazioaren egoera ebaluatzeko, AZTI zentro teknologikoak Bioman kanpaina zientifikoa egiten du. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak eta Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak atzo goizean aurkeztu zituzten kanpaina horretan lortutako emaitzak, eta horien arabera, Bizkaiko golkoan, 330.000 tona antxoa inguru dago aurten, 1987an hasi zen serie historikoko zifrarik altuena.

Zenbateko hori espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gomendatzen den 21.000 tonako gutxieneko baliotik oso gora dago. Hala, Bioman kanpaina egiten hasi zirenetik inoiz ez da erregistratu aurtengoa bezain emaitza ona.

Antxoa gutxiago arrantzatu da aurten

2019an arrantzatutako 8.500 tonen aldean, aurten 4.600 harrapatu dituzte euskal ontziek. Beheraka horren arrazoia COVID-19 izan da. Izan ere, pandemiaren ondorioz kanpainaren iraupena laburragoa izan da; itsasontziak hilabete eta erdiz aritu dira arrantzan, aurreko kanpainetan, berriz, bi hilabete eta erdi. Bestalde, lonjako batez besteko prezioa ere, lehengo urtekoarekin alderatuta, pixka bat baxuagoa izan da: 1,38 €/ kg aurten, 1,62 €/kg iaz.

Tamaina txikiagoa

Azken urteetan egindako kanpainen bitartez lortutako ondorioetako bat da antxoaren tamaina murrizten ari dela. Murrizketa hori hainbat faktoreren ondorioa izan liteke: alde batetik, kantitate handiko harrapaketak direla eta, antxoa biomasaren gehiengoa urtebetekoa da; bestetik, ugaritasun handiaren aldeko baldintzek adin bereko antxoa txikiagoak bizirautea eragiten dute; eta, azkenik, tenperaturaren igoerak banako txikiagoak eragiten ditu.