Datorren larunbatean jokatuko dira Galizian, zehazki Coruñako uretan, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako lehenengo jardunaldiak. Koronabirusaren ondorioz, aurtengo arraun denboraldiaren egutegia testuinguru berrira egokitu behar izan dute. Hala, lehia beste urteetan baino beranduago hasiko da eta ondorioz, laburragoa izango da.

Bi liga horietan ez dago Getariako trainerurik, bai ordea, arraunlari getariarrak. Hain zuzen, hiru getariar lehiatuko dira arrauneko maila gorenean: Maialen Aizpuru, Jon Urresti eta Gaizka Gorostiaga. Gainera, ez edonolako taldeetan, azken urteetan emaitza onak eta garaipen garrantzitsuak eskuratu dituztenetan baizik; Orion, Urdaibaien eta Hondarribian, hurrenez hurren.

Guztiek azken prestakuntza lanetan dihardute. Urduritasuna eta irrika nahasten diren azken une hauetan, ARTZAPErekin hitz egiteko tartea atera dute, eta hirurek denboraldi berriari ekiteko gogotsu daudela aitortu digute.

Maialen Aizpuru: “Aurreko urtekoa gainditzea zaila izango da”

Argazkia: Karkara

Denboraldi berriari begira, zer moduz ikusten duzu taldea?
Taldea gogotsu dago. Konfinamenduan etxean hainbeste entrenamendu egin eta gero, jada, lehiatzen hasteko gogoarekin gaude. Orain, asteburuan, ikusi egin behar nola moldatzen garen, guk dena emango dugu. Beste taldeak ere gu bezela gogotsu egongo dira eta ea zer gertatzen den.

 

Beste urteekin alderatuta gutxiago prestatuta zaudete?
Ez, gutxiago ez, desberdin. Etxetik egon garenez entrenatzen desberdina izan da; ez da berdina, ergometroan edo uretan entrenatzea. Baina denok baldintza berdinetan egon gara. Alde horretatik, ez dut uste desberdintasun handiegirik egongo denik talde batetik bestera.

Talde entrenamenduetara itzultzea gogorra izan al da?
Etxekoa gogorragoa izan da. Hasieran ez zen hain gogorra izan, baina hilabeteek aurrera egin ahala bai. Neguan, normalean, bakarrik entrenatzen dugu, bakoitzak ahal duenean; baina udaran, apirila ingurutik aurrera, elkartzen hasten gara, asteburuetan uretara ateratzen… Konfinamendu amaiera aldera, deseatzen geunden jendearekin entrenatzeko eta ergometroa utzi eta beste ariketa batzuk egiteko.

Hasteko gogotsu, beraz?
Bai. Aurreko urtekoa gainditzea zaila izango da – lehengo urtean, Orio Euskotren ligako garaile izan zen eta Kontxako Bandera eskuratu zuen-, baina hobetu ahal badugu hobetzen saiatuko gara. Hala ere, nik uste, aurten ere, beste taldeak indartsu daudela eta ikusi egin beharko da.

Aurtengo ligan, agian, gorabehera gehiago izango dira?
Bai. Gainera, aurreko urteetan, liga hasi aurretik, Mutrikun, Ondarroan, Lekeition… lagunarteko estropada ez puntuagarriak egiten ditugu, eta horietan beste taldeak nola dauden ikusten dugu. Baina estropada horiek ez direnez egin, ezjakintasunean gaude.

Zein helburu dituzue?
Aurreko urtekoa errepikatzea ondo egongo litzateke, baina nik uste, aurten, lehia estu egongo dela. Besteak nola dauden ere ez dakigu. Jendeak esaten duenaren arabera taldeak indartsuago daude, baina nik uste, guk ere beste pauso bat egin dugula aurrera.

Jon Urresti: “Denboraldiak aurrera egin ahala, joango gara maila hobetzen”

Argazkia: Eusko Label Liga

Nola dago Urdaibai?
Egoera zail samarra izan da, baina nahiko ondo gaude. Taldea hasteko gogotsu dago.

Konfinamenduak eraginik izan al du zuen prestakuntzan?
Bloke faltan pixka bat igartzen da. Bueltako lehenengo entrenamenduetan, galdu samar ibili ginen. Azkenean, lanik garrantzitsuena egin behar zenean etxean egon gara, bakoitza bere kasa entrenatzen, eta hori nabaritzen zen.

Orain taldea prestatuta ikusten duzu?
Bueno, oraindik falta zaigu, baina data gainera etorri da eta hasi egin behar. Denboraldiak aurrera egin ahala, joango gara maila hobetzen, bai gu eta baita beste guztiak ere.

Berriro ere taldearekin entrenatzen hastea nolakoa izan da?
Etxean baino errazagoa, esango nuke nik. Azkenean, ergometroa alde batera laga dugu, uretara irten gara… Horixe nahi genuen denok eta azkenean heldu zen eguna. Orain, ea pandemia ez den berriro zabaltzen eta horrelaxe segitzen uzten digun.

Denboraldirako zein aurreikuspen dituzue?
Ea ohorezko txandan sartzea lortzen dugun, eta gero ikusiko da. Baina behintzat lehenengo txanda horretan borrokan ibiltzea.

Gaizka Gorostiaga: “Etxean ere lana ondo egin dugu”

Iturria: Luis Azpeitia

Zure aurrenengo urtea izanik Hondarribian, taldera egokitzeko nahiko denbora izan al duzu?
Berriontzako eragozpen bat izan da. Talde berri batean sartzerakoan hilabete horiek galtzea, batez ere uretako lan hori, kaltegarria izan da. Baina etxean ere lana ondo egin dugu eta orain eduki dugun hilabete hau ere, nik uste, ondo aprobetxatu dugula.

Orduan, nahiko prestakuntza onarekin iritsi zarete
Bai, hala uste dugu. Esperantza hori daukagu: hilabete honetan ondo ibili gara, ondo prestatu gara eta ondo hasteko moduan gaude.

Taldeko entrenamenduetara itzultzea gogorra izan al da?
Nik espero nuen gogorragoa izango zela. Eskuetatik eta ipurditik gehiago sufrituko nuela uste nuen, baina nik oso ondo eraman dut. Hasierako egunetan molestia pixka bat eduki nuen, baina bestela nahiko ondo. Hala ere, orokorrean, talde guztian arazo handiegirik ez da egon.

Urduri al zaudete?
Beste taldeen erreferentzia zuzenik gabe liga hasiko dugun lehenengo aldia izango da, eta alde horretatik bai. Beste urteetan, ekainean zehar estropadak egiten dira, eta horietan gauza askorik ikusten ez bada ere, pixka bat ikusten duzu, eta zure burua kokatzen duzu. Baina oraingoan, itsu-itsuan goaz. Horrek zalantzak sortzen ditu, neurri batean ez baitakigu zein mailatan egongo garen edo egongo diren.

Ligan beste urteetako maila mantenduko dela uste duzu?
Bai. Hasieran, agian, beste urteetan baino pixka bat kaxkarxeago edo motelago ibiliko gara. Baina denboraldiak aurrera egin ahala, nik uste, beste urteetako maila berdinera edo antzekora iritsiko garela.

Zein dira zuen taldearen helburuak?
Liga hasieran ohorezko txandan egotea izango da. Bandera guztiak hor jokatzen dira, eta horiek lortu nahi izanez gero, hor egon behar da.

Argazkia: Eusko Label Liga