Laugarren urtez jarraian, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien (KSI) sektorea suspertzeko lanean dihardu. Aurtengoan, joan zen urteko esperientziaren arrakasta kontuan hartuta, bestelako sektore ekonomikoetan ere eragin nahi da. Hala, KSI alorra eta sektore ekonomiko tradizionalak uztartuko dituen bi esku hartze garatuko dira.

Proiektuaren abiapuntua elikadura alorreko enpresek identifikatutako erronkak izango dira. Ondoren, artisten eta sortzaileen lanaren bitartez, erronka horiei irtenbideak aurkituko zaizkie. Alegia, elikaduraren sektoreko enpresen erronkei erantzuna emateko, KSIko eragileekin lankidetzan jorratuko dira proiektuak.

Prestakuntza

Conexiones Improbables enpresako pertsona batek eta aurrez halako hibridazio egitasmoetan eskarmentua duen artista batek eskainiko dute prestakuntza. Helburua da, ekimenean parte hartzen duten eskualdeko artistek eta sortzaileek erakundeetan eta enpresetan esku hartze ez artistikoak eraginkortasunez egitea. Horrez gain, euren ohiko lan-esparruetatik kanpo lan aukerak zabaldu ditzaten, ideia desberdinak eskainiko zaizkie.

Prestakuntzak ondorengo alorrak ukituko ditu: berrikuntzarako esku-hartze artistikoa; artea, zientzia eta teknologia uztartzea; eta artea eta herritarren arteko prozesu berriak.

Atal teorikoa eta praktikoa

Atal teorikoa datorren asteazkenean, uztailaren 8an, 09:00etatik 13:00etara eskainiko da. Lau orduko saio dinamikoa izango da eta Udal Elkartean bertan egingo da. Osasun egoeraren arabera, baliteke saioa online egin behar izatea; hala balitz, partehartzaileari aurrez jakinaraziko zaio.

Prestakuntza teorikoaren ondoren, atal praktikoa egiteko eskualdeko bi sortzaile hautatuko dira. Horiek, artista mentoreen eskutik, esleitutako egitasmoaren esku-hartzean parte hartuko dute. Guztira, uztailetik urrira bitartean, bost saio aurreikusten dira, emaitzen aurkezpena barne. Epealdiaren amaieran, jasotako prestakuntzaren ziurtagiria emango dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Conexiones Improbables enpresak.

Uztailaren 6a arte zabalik dago izen ematea. Ekimenean parte hartzeko galdetegi hau bete behar da, eta informazio gehiago behar izanez gero, klikatu hemen.  

Argazkia: lamenteesmaravillosa