“Urtero eskaintzen duguna eskainiko dugu, baina hobekuntza batzuk gehituta”, horrelaxe ekin dio prentsaurrekoari Alex Garate Gurutze Gorriko ordezkariak. Gaur goizean aurkeztu dute Getariako Gurutze Gorrian aurtengo hondartza denboraldiko bainu egokiturako zerbitzua. Bertan izan dira, Garatez gain, Haritz Alberdi alkatea, Itziar Igartua Kutxa Fundazioko ordezkaria eta Iñaki Aranberri bainu egokituko erabiltzaileetako bat.

Pandemiaren ondorioz, zerbitzua segurtasun eta prebentzio neurri guztiak bermatuz eskaini ahal izateko, zenbait protokolo aldatu behar izan dituzte. “Nolabait, bainuak kontrolatuta izateko, orduko bi bainu egingo dira; kopurua murriztu egin dugu, baina kalitatea mantenduta”, azaldu du Garatek. Erabiltzaile guztiei maskarak emango zaizkie, eta era berean, sorosleek ere maskara jantzita eraman beharko dute.

Urteetan zehar, Iñaki Aranberria bainu egokituaren erabiltzailea izan da, eta aurten ere “bainatzeko esperantzarekin eta ilusioarekin” dagoela aitortu du. Aranberriak azaldu duenez, “beldur pixka batekin nengoen, baina segurtasun neurri egokiak hartu dituztela ikusi dut”. Bestalde, Itziar Igartuaren hitzetan, “Kutxa Fundazioaren asmoa herritar guztiei aukera berdinak eskaintzea da, eta horrelako ekimenekin berdintasuna sustatzen da”.

Erabiltzaileek eskaera Getariako Gurutze Gorrian bertan, edota 617 45 21 53 telefono zenbakira deituta egin dezakete: “Izen abizenak hartzen zaizkie, eta zerrenda bat osatzen dugu. Ondoren, ordutegi baten barruan kokatzen ditugu”, azaldu du Garatek.

Aparkaleku gehiago

“Hamabi aparkaleku berri sortu izana, apustu garrantzitsua izan da”, aitortu du Haritz Alberdi alkateak. Izan ere, Malkorbe hondartzaren sarrera nagusian, Gurutze Gorriaren alboko zabalgunean, dauden aparkaleku guztiak ezintasunen bat duten pertsonentzat gorde dituzte. “Guk uste dugu behar bereziak dituzten pertsonei lehentasuna eman eta eskaintza berezia egin behar zaiela”.

Garatek gaineratu du azken urteetan zehar borrokan aritu ondoren, azkenean aparkaleku horiek egitea lortu dutela: “pauso ikaragarria izan da. Hemendik Gipuzkoa osoko nahiz Euskal Herriko herritarrak gure zerbitzuak erabiltzera gonbidatzen ditugu”.

Etorkizunari begira proiektu berriak

Balentziaga museoarekin beste urteetan zehar egin izan den elkarlana, aurten, bertan behera geratu da. Garatek azaldu duenez, “COVID-19aren ondorioz, gauza asko murriztu egin dira”. Aurten egitekoa zuten proiektu bat ere airean geratu dela aitortu du, “nik uste ulertzekoa dela; pandemia sartu da eta geratu egin behar izan dugu”.

Datorren urteari begira, ordea, helburua kontratazio gehiago egitea izango da. “Pertsonala indartu nahiko genuke, eta horrela, orduko bi bainu egin beharrean gehiago eskaini. Eguraldi ona egiten duen egunak aprobetxatu behar ditugu, eta egun horietan hau dena bete”, azaldu du Garatek. “Malkorbe hondartzak duen irisgarritasuna dela eta, Getaria erreferente bat ari da bilakatzen”.