Atzo arrauneko maila gorenean jardungo duten hiru arraunlari getariarren elkarrizketak argitaratu genituen gure webgunean. Maila horretan dabiltzan herritarrak hiru horiek zirelakoan, eurak elkarrizketatu genituen. Jakinarazi digutenez, ordea, Eusko Label eta Euskotren Ligan parte hartuko duten getariarrak gehiago dira: hiru beharrean, bost.

Gure hanka sartzea izan zen, eta batez ere barkamena eskatu nahi diegu kontuan hartu ez genituen bi arraunlariei: Iker Eizmendiri eta Jone Urbietari. Eizmendi jaiotzez azpeitiarra da, baina egun Getarian bizi da. Urte dezente egin ditu Esperantza traineruan, lehengo urtean, ordea, arraunetik atsedena hartu zuen, eta aurten Ondarroarekin ariko da. Urbietak, berriz, hirugarren urtez jarraian Arraun Lagunaken ontzian egingo du arraun.

Jone Urbieta: “Sentsazio oso onak dauzkagu”

Iturria: Arraun Lagunak

Lehengo urteko mailari eutsiko diozue?
Oso ondo ikusten gara. Konfinamenduarena eragozpen handia izan da, baina ondo gaude. Orain ere entrenamendu onak ari gara egiten eta sentsazio oso onak dauzkagu.

Gero, besteak nola dauden ikusi egin beharko da. Baina, jaitsieretan hortxe ibili baginen, espero orain ere ondo ibiltzea.

Etxean entrenatzetik taldean entrenatzera igarotzea nolakoa izan da?
Aurrena, entrenamenduekin hastea baimendu zutenean, bi aste inguru lehorrean entrenatzen aritu ginen. Hor ere dezente elkartzen ginen, ez talde guztia, baina 6-7 arraunlarik osatutako pare bat talde bai. Hor, azkenean, ekipoa egiten hasi ginen eta pila bat eskertu genuen. Nahiz eta lehorrean izan, animikoki taldean entrenatzen hastea behar genuen.

Aurrenengo astea ibaian egin genuen, pixka bat hartzeko… orduan, itsasora joan ginenean disfrutatu egin genuen.

Zu zer moduz zaude?
Gogo askorekin. Konfinamendu garaian, momentu batzuetan, buruan beste mila gauza nituen (unibertsitatea…), eta lagatzeko gogoa ere izan nuen. Baina behin uretara irteten hasi ginenean, estropadak ailegatzeko desiratzen.

Denboraldi honetarako zein aurreikuspen dituzue?
Aurrena, asteburu honetan, nola gauden ikusi. Egia da A Coruñan ez dela asko ikusten, ze kaleek eragin handia dute, baina gu irabazteko entrenatu gara eta sentsazio oso onak dauzkagu. Gero besteak nola dauden ikusi egin beharko da.

Iker Eizmendi: “Uste baino azkarrago ari gara hartzen blokea”

Iturria: Getariako Arraun Elkartea

Prest al dago taldea denboraldi berriari ekiteko?
Lehengo urtetik hona hamar baja egon dira, baina gu egindakoarekin gustura gaude. Orain, besteen aldamenean nola moldatzen garen ikusi egin behar.

Fisikoki ondo gaude eta niri iruditzen zait uste baino azkarrago ari garela hartzen blokea. Gainera, ekipo laburra daukagunez, beti antzekoak ibiltzen gara. Plantilla luzea izanez gero, aldaketa gehiago izaten dira eta blokea lortzea zailagoa izaten da.

Eskuak eta zer moduz?
Eskuetatik pixka bat sufritu dugu, baina gero, egun pare bat libre eman zizkiguten etxean entrenatzeko, eta orain nahiko ondo nago.

Hasteko gogotsu?
Bai, besteen ondoan jarri eta nola gauden ikusteko gogoarekin.

Zein helburu ezarri dituzue?
Asteburu honetan ahalik eta ondoen egin, eta gero non gauden ikusiko dugu. Asteburua nola joaten den ikusi behar. Besteak nola dauden ere ez dakigu eta… ezjakintasun asko.

Urtebetez arrauna lagata egon zarenez, itzulera gogorra izan al da?
Hasieran pixka bat kosta egiten da, gorputza jartzen… baina beno, ondo, uste baino errazago hartu dut.