Uda honetan, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren eskutik, Zero Zabor Uretan kanpainaren bigarren edizioa egingo da. Hala, uztailean zehar, zaborrik hoberena, sortzen ez dena lelopean, kanpaina Euskal Kostaldeko hainbat portutan lehorreratuko da. Gurera, hain zuzen, asteburu honetan iritsiko da. Bihar, uztailaren 4an, hasi eta astelehenera, uztailaren 6ra, bitartean Getarian egongo da.

Ekimen honen helburua argia da: itsas hondakinen arazoa ikusaraztea eta kontzientziatuagoa eta ingurumenarekin konprometituagoa dagoen gizarte bat eratzea.

Jarduera desberdinak

Kanpainaren baitan, bertaratutakoek hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute. Alde batetik, Mater museoa doan bisitatzeko aukera izango da. COVID-19a dela eta, 619 814 225 telefonora deituta edota info@mater.eus posta elektroniko bidez, aldez aurretik hitzordua hartu beharko da. Era berean, itsas hondakinen arazoari eta gure eguneroko bizimoduan plastikoak dituen alternatibei buruzko informazio erabilgarria erakusteko, portuan bertan, Ekostand jarriko dute.

Bestalde, herritarrei portuan dauden hondakinak jasotzeko eta itsas hondakin potentzial horiek birziklatze-kaiolara eramateko gonbidapena egingo zaie. Ondoren, jasotako hondakinen “Top 10″a osatuko dute. Horrez gain, ItsasPlanet elkartearen laguntzari esker, portuko itsas hondoa ere garbituko dute. Urpekariei eta urpekari ez direnei zuzendutako ekintza da, eta bildutako zaborra kudeatu eta sailkatu egingo dute.

Azkenik, sare sozialen bitartez, #EKINZeroZaborUretan lehiaketa egingo dute. Bertan, eguneroko bizitzan, lanean edota komunitatean hondakinak saihesteko ideia eraldatzaileak bilatzen dira. Ideia irabazleak Mater Ontzi Museo Ekoaktiboan lau pertsonentzako itsas irteera bat eskuratuko du.

Arazoa gero eta larriagoa

COVID-19ak eragindako osasun-krisia dela eta, hondakinen arazoa areagotzen ari da. Horrek ekosistema naturalei eta, ondorioz, baita pertsonen osasunari ere, larriki eragiten dio. Itsas hondakinen % 80 lurreko hondakinen egungo kudeaketatik dator, bai eta gizarteak hondakinak sortzeko duen kontzientziazio eta konpromiso faltatik ere.

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldudia