Bihar amaituko da euskal tribial jokoaren laugarren denboraldia, eta datorren asteazkenean, 21:30ean, finala egingo da “online”. Jokoa arrakasta ikaragarria ari da izaten Euskal Herri osoan. Horren erakusle da, laugarren denboraldi honetan 90.000 erabiltzaile eduki izana.

Asteazkenenko finala ez da orain arte egindakoak bezalakoa izango. Denboraldiko emaitza onenak lortu dituzten jokalarien artean egin beharrean, nahi dutenek parte hartu ahal izango dute. Finala, beraz, irekia izango da eta azken hilabeteetan egin dituzten lau zuzenekoen antzekoa izango da.

Finalean, bi sari emango dituzte: euskaratutako bi android telefono. Bata emaitza onena lortzen duenarentzat izango da, eta bestea, zozketa bidez erabakiko da. Horrez gain, denboraldiko sailkapen metatuko hiru lehenek bono eta produktu sorta eramango dute opari.

Datozen hilabeteetan etenaldia egingo dute, baina iralean berriro itzuliko dira. Aplikazioaren garatzaileek iragarri dutenez, bosgarren denboraldiak ere berritasunak izango ditu.

Getaiarrak taldea

Getariarrek osatutako taldea eratu genuenetik gaur arte, erabiltzaile kopuruak nabarmen egin du gora. Gaur gaurkoz, Getariarrak taldean 235 partaide daude.

Azken bi denboraldietan egin den bezala, asteko puntuazio altuena lortu duen parte hartzaileari saria emango dio ARTZAPEk. Momentuz, 561.16 puntu eskuratuta, bigarren aldiz, Iruenek lortuko luke garaipena. Hala ere, bihar erabakiko da zehazki denboraldiko garailea.

 

Lotutako albisteak: