Bi hilabetetako borrokaren ondoren, atzo iritsi zen erabaki ofiziala: Getariako Keta Sharks saskibaloi taldea Euskadiko Gizonezkoen 2. mailara igoko da. Datorren urtean, beraz, aurtengoan baino bi maila gorago lehiatuko da taldea. Izatez, Gipuzkoako Senior Gizonezkoen 1. mailara igo beharko zukeen, baina maila horretako inork ez duenez Euskadiko Gizonezkoen 2. mailara igo nahi izan, Keta Sharksek beteko du libre geratzen den tokia.

Pandemiaren ondorioz, kirol desberdinetako denboraldiak amaitutzat eman zituzten. Egoera horren aurrean, besteak beste, igoeren eta jaitsieren inguruan nola jokatu erabaki behar izan dute federazioek. Iosu Mugika Ketako ordezkariak azaldu duenez, “beste kiroletan ez bezala, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak igoerarik eta jaitsierarik ez egitea erabaki zuen”. Erabaki hori talde gehienen babesarekin hartu zuen.

Federazioko talde guztiek galdetegi bat bete behar izan zuten, eta igoera nahiz jaitsierarik ez egotea gailendu zen. Ketak, ordea, bere sare sozialen bitartez jakinarazi zuen bezala, galdetegi hura ez zuen egokitzat jo: “Federazioak bere ikuspuntua argi eta garbi uzten zuen, denboraldia bertan behera uztekotan igoera eta jaitsierarik ez egotea bultzatzen baitzuen. Aukeren artean hori bakarrik zehazten zen eta beste iritzi batzuk entzuteko prest ere agertzen dela ikus zitekeen, baina argi eta garbi bigarren plano batean uzten zen hori”. Mugikak gaineratu duenez, “komunikazio falta federazioaren aldetik oso nabarmena izan da. Jon Txakartegi, bertako langile bat izan da salbuespena. Berak alderdi guztietan lagundu digu”.

Egun batzuk pasata jakinarazi zieten Ketako ordezkariei Gipuzkoako Senior Gizonezkoen 1. mailako talde bat Euskadi mailara igoko zela, eta Keta Sharksek beteko zuela hark probintziako ligan utzitako hutsunea. Egoerak, ordea, beste norabide bat hartu du, izan ere, lehenengo mailako inork ez du Euskadiko 2. mailara igo nahi izan. Hortaz, “legez, aurrenengo mailako inork ez badu nahi igo, guri ematen ziguten Euskadin jokatzeko aukera”, azaldu du Mugikak.

Getariako taldeak igoeraren berri emateko sare sozialetan egin duen argitalpenean iragarri du Gipuzkoako Federazioak “duen funtzio eta antolakuntzan” aldaketak egiteko eskatuko duela batzar nagusian. “Gure egoeran beste talderen bat suertatzen bada, kudeaketa errazagoa izatea” du helburu.

Abenturarako prest

“Nik uste dut igoera merezi genuela”, berretsi du Mugikak. “Hasieran, Federazioak esan zigun lasai egoteko, aurrenengo mailan hutsuneren bat egongo zela. Zain egon ginen, eta ez zegoen hutsunerik. Orduan, geratu zaigun aukera bakarra Euskadi mailara igotzea izan da. Gastuak handitu egingo dira, joan-etorrien kostuak… baina gu abenturarako prest gaude”.

Jokalariek ere hala nahi izan dutela aitortu du Mugikak: “Denboraldi guztian lanean ibili eta bi hilabetegatik mailaz ez igotzeak amorratu egiten zituen. Bost partida bakarrik geratzen zitzaizkien”. Euskadin lehiatzearena esperientzia berri bat izango da jokalarientzat. “Ondoren, Gipuzkoako 2. mailara jaisten bagara, guk nahi genuen lekuan egongo gara; mailari eusten badiogu, lanean jarraituko dugu”, gaineratu du.

Euskadin jokatu ahal izateko, taldeak harrobia izatera derrigortuta daude: kadeteen, juniorren, gazteen… taldeak eduki behar dituzte. “Guk horrelakorik ez daukagunez, baldintza horiek betetzen dituen klub batekin egin behar izan dugu hitzarmena. Klub desberdinekin hitz egin ondoren, Eibarreko Saskibaloi taldearekin egin dugu”, dio Mugikak.

Ekonomia kezka iturri

Ekonomikoki nola ibiliko diren galdetuta, “zeharo gaizki” erantzun digu Mugikak. Orain, “beste erronka batean sartuko gara eta ahal dugun guztia egin behar dugu, 13 urte hauetan egin dugun bezala”. Horrez gain, COVID-19ak berarekin ekarri duen ekonomia krisiak taldeari eragingo diola aurreikusten du: “Ez dakigu zer gertatuko den, ikaragarri sufrituko dugu. Laguntzen ziguten denda txikiek, bazkideek, babesle handiek… pentsatzen dut ezingo digutela hainbeste diru eman, eta denboraldia oso gogorra izango da”. Zailtasunen barruan, izan dute arnasgune bat ere: futbolean asegurua abuztutik ekainera ordaintzen dutenez, jokatu gabeko lau hilabeteengatik ordain ekonomikoa jaso dute.

Gizonezkoen futbolean gorabeherarik ez

COVID-19ak eragindako egoeragatik, futboleko denboraldia ere amaitutzat eman zuen Gipuzkoako Futbol Federazioak. Kasu horretan, Getariako taldeek ez zuten ez igotzeko ez jaisteko arriskurik, eta biek bosgarren postuan bukatu zuten denboraldia. Dena den, erregional mailako taldeak goranzko bidean amaitu zuen lehia: “Aurreneko zortzi partidetan puntu bakarra lortu genuen, gero ikaragarrizko goraldia izan genuen, erreskan irabazi genituen partidak eta bosgarren jarri ginen. Historiako bigarren sailkapenik onena izan da eta jendea gogoarekin geratu zen ondo jokatzen ari zirelako, emaitzak lortzen eta dena ondo ateratzen ari zelako”.