Politena tabernako kasuekin lotuta, asteazkenean hasi ziren COVID-19a atzemateko PCR probak egiten Sahatsaga kiroldegian. Gaur eguerdian egin dituzte azkenak eta Haritz Alberdi alkateak jakinarazi duenez, asteazken eta osteguneko emaitzetan hiru positibo izan dira. Gaur goizeko probek emandakoa ezagutzeke dago oraindik.

Hala, emaitzak onak direla azaldu du alkateak. Astelehenetik, 11 dira koronabirus kasu positiboak, horietako zortzi PCRak masiboki egiten hasi aurrekoak dira.

Zarautzen dute orain begirada agintariek, han gazteen arteko ospakizun bateko kasu positiboak agertzen ari baitira. Horregatik, herriko inor haietakoren batean izan bazen, proba egitera joateko deia egin du Alberdik.

Esker ona

Getariako Udalak, sare sozialetan egin berri duen argitalpenean, esker ona adierazi die egunotan Getarian lanean aritu diren Groseko anbulatorioko langileei. Kiroldegian bertan zein laborategietan aritu direnak izan dituzte gogoan.

Aldaketak zerbitzuetan

Gaur goizean bilera egin dute ostalaritza arloko eta Udaleko zenbait ordezkarik. Aurrera begira hartu beharko dituzten neurriak izan dituzte hizpide, eta aldaketak aurreikusten dira; dena den, datozen orduetan iragarriko dituzte. Azken egunetan hainbat tabernek atzera egin eta zerbitzua terrazetara mugatu dute.

 

Lotutako albisteak: