Aurten ez da Salbatore Jairik izango, baina udal ordezkariek gaur goizean egin duten prentsaurrekoan azaldu bezala, “Salbatore Egunak Salbatore Eguna izaten jarraituko du”.

Haritz Alberdi alkateak gogoratu du pandemia egoeran gaudela eta COVID-19ak oraindik hor jarraitzen duela: “Getarian aurreko astean bizitzea tokatu zitzaigun eta eskualdean ere bai. Pandemia egoera batean eta oso baldintza mugatuekin gaude”. Hori kontuan edukita, ofizial egin du aurtengo Salbatore Jaiak bertan behera gelditu direla. “Jendeari dei egiten diogu jairik ez ospatzeko, ez dezala halakorik bultzatu, ez dira baldintzak ematen jende pilaketetarako eta beste modu batera disfrutatu behar dugu”.

Horrela, festetako ohiko ekitaldi eta jende uholderik izango ez bada ere, Getaria ez da gozagarririk gabe geratuko.

Kultura egitaraua

Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak jakinarazi du ia hilabete pasa iraungo duen Getarian. Gozatu. Kultura egitaraua prestatu duela Udalak. Kultura arloko jendea oso momentu gogorrak pasatzen ari dela azpimarratuta, herriko kulturgileen presentzia islatzen duen programazio zabala aurkeztu du:

Uztailaren 25etik irailaren 13ra

  • Julian Ugarte margolariaren Elkano erakusketa, udaletxeko sarreran.

Uztailak 31, ostirala

  • 22:30ean, Eñaut Elorrietaren kontzertua, Cristobal Balenciaga Museoan.

Abuztuak 2, igandea

  • 18:30ean, emakumeen esku pilota jaialdia, frontoian.

Abuztuak 3, astelehena

  • 19:30ean, Asier Kidam magoaren Aroa eta mirariak ikuskizuna Bista Onan.

Abuztuak 5, asteazkena

  • 19:30ean, Kattalin Zubizarretaren kontzertu akustikoa Bista Onan.

Abuztuak 6, osteguna

  • 09:30ean, Getariako Musika Bandaren diana kalez kale.
  • 11:00etan, Meza Nagusia Salbatore Deuna elizan.
  • 12:30ean, Getariako Musika Bandaren kontzertua Harritarten.
  • 17:30ean, Getariako esku pilota jaialdia frontoian.

Abuztuak 7, ostirala

  • 18:30ean, Dantzipuinak emanaldia Bista Onan.
  • 19:30ean, Broken Brothers Brass Band frontoian.

Abuztuak 8, larunbata

  • 09:30ean Gazte Alaiak txistularien diana herriko kaleetan zehar.
  • 11:00etan, ETEren estropada.
  • 12:00etan, KAE1 Ligako estropada. XI. Getariako Ikurrina.
  • 18:30ean, KAE2 Ligako estropada.

Abuztuak 9, igandea

  • 20:00etan, Kafkaren aulkia bertso, musika eta olerki ikuskizuna Salbatore Deuna elizan.

Abuztuak 18, asteartea

  • 20:30ean, Musika Aitzaki Hamabostaldi Ibiltariko emanaldia Salbatore Deuna elizan.

Abuztuak 23, igandea

  • 20:00etan, Hezurbeltzak taldearen kontzertua Salbatore Deuna elizan.

Abuztuak 28, ostirala

  • 20:00etan, Bulego taldearen emanaldia Sahatsaga kiroldegiaren kanpoko pistan.

Abuztuak 29, larunbata

  • 09:00etan hasita, ibilaldi neurtua Urritza Aisialdi Taldeak antolatuta.

Irailak 20, igandea

  • 20:00etan, V. Flysch Nazioarteko Organo Zikloko emanaldia Salbatore Deuna elizan.

Eguraldi txarra den egunetarako, gainera, pentsatuta dituzte edukiera beretsuak dituzte eremuak.

Gonbidapenak

Kultura egitarauko ekitaldi gehienak doakoak izango dira baina edukiera mugatua eta kontrolatua izango denez, sarrerak aurrez hartu beharko dira. Emanaldiaren arabera, egun jakin batean jaso beharko dira gonbidapenak, 17:30etik 19:30era, turismo bulegoan:

  • Uztailaren 28an Eñaut Elorrietaren kontzerturako (5 euro kostako da), emakumeen pilota jaialdirako eta Asier Kadim magoaren emanaldirako.
  • Abuztuaren 4ean, Kattalinen, Getariako Musika Bandaren, Broken Brothers Brass Band eta Musika Hamabostaldiko kontzertuetarako, Salbatore eguneko pilota jaialdirako, eta Dantzaipuinak eta Kafkaren aulkia emanaldietarako.
  • Abuztuaren 18an, Hezurbeltzaken kontzerturako.
  • Abuztuaren 25ean, Bulegoren kontzerturako.
  • Irailaren 15ean, V. Flysch Organo Jaialdirako.

Getariarrek lehentasuna izango dute sarrerak eskuratzeko garaian, eta pertsonako, gehienez, hiru hartu ahal izango dituzte. Sarrera bakoitzaren jabea izen-abizenekin eta telefono zenbakiarekin identifikatu beharko da.

Sarrerarik geratzen bada, kanpokoek ere erreserbatu ahal izango dituzte eta emanaldi bakoitza baino bi ordu lehenago jaso beharko dituzte. Hala ere soberan badaude, emanaldiaren aurretik jarriko dira eskuragarri.

Ikusleek distantzia gorde beharko dute, emanaldia baino 15 minutu lehenago egon beharko dute bertan, eta maskara jantzita eta eserita egon beharko dute.

Era berean, emanaldien ondoren pilaketak ekiditeko, arduraz jokatu eta boluntarioek esandakori kasu egiteko eskatu dio Estebanek jendeari.

Kartelak

Jaietako eskuorrietara ohituta bagaude ere Getarian, aurtengo ekitaldi kulturalen berri emateko kartelak erabiliko ditu Udalak. Jarduera guztiak jasotzen dituen hiru kartel egin dituzte, eta emanaldi bakoitzarentzat berriak egitea aurreikusten dute. Horrez gain, Whatsappez emango dute jardueren berri.

Irekiera ordu berezirik ez

Jende pilaketak sor litezkeen taberna bezalako eremuez galdetuta, Alberdik azaldu du jairik izango ez denez, tabernei festetarako uzten zaizkien bi irekiera ordu bereziak bertan behera geratu direla: “Ordutegia mugatua dute, 02:00etarako itxita egon behar dute denek. Azken egunetan beraiekin hitz egin dugu eta dagoeneko bakoitzak erabaki ezberdinak hartu ditu: batzuk ez dute uzten zutik kontsumitzen barruan, beste batzuk serio jarri dira edukierarekin… Kalean ere ezin da kontsumitu, eserita bakarrik terrazetan, eta horrek bere horretan jarraituko du”.