Joan den asteazkenean, uztailaren 22an, jakinarazi zuen Getariako Udalak aurtengo Salbatore jaiak bertan behera geratzen direla, baina horren ordez, hainbat kultura ekitaldi antolatu ditu. Koronabirusa dela eta, emanaldi guztiek edukiera muga jakin bat izango dute, eta beraz, sarrerak aurrez hartu behar dira.

Getarian. Gozatu. Kultura egitarauko lehenengo hiru emanaldietarako gonbidapenak bihar, uztailak 28, 17:30etik 19:30era, turismo bulegoan egongo dira eskuragarri. Biharkoan, ondorengo ikuskizunetarako lortu daitezke sarrerak:

  • Uztailak 31, ostirala, 22:30ean, Eñaut Elorrietaren kontzertua Cristobal Balenciaga Museoan. Sarrerak 5 euro balio ditu.
  • Abuztuak 2, igandea, 18:30ean, emakumeen esku pilota jaialdia frontoian.
  • Abuztuak 3, astelehena, 19:30ean, Asier Kidam magoaren Aroa eta mirariak ikuskizuna Bista Onan.
Herritarrek lehentasuna

Getariarrek lehentasuna izango dute sarrerak eskuratzeko garaian, eta pertsonako, gehienez, hiru hartu ahal izango dituzte. Bakoitzaren jabea izen-abizenekin eta telefono zenbakiarekin identifikatu beharko da.

Bihar sarrerak soberan geratuko baliera, datozen egunetan, herritarrek nahiz kanpokoek erreserbak egin ahal izango dituzte. Turismo Bulegoan bertan, edota bulegora deituta eskuratu beharko dituzte, eta emanaldi bakoitza baino bi ordu lehenago jaso. Hala ere soberan badaude, emanaldiaren aurretik jarriko dira eskuragarri.

Ikusleek ekitaldia baino 15 minutu lehenago egon beharko dute bertan. Horrez gain, distantzia gorde eta maskara jantzita eta eserita egon beharko dira. Era berean, emanaldien ondoren pilaketak ekiditeko, boluntarioen aginduei kasu egin beharko zaie.

Lotutako albisteak: