Uztailaren 18an, larunbatean, Azpeitiko Soreasu Antzokian egin zuten Korosagasti pelikularen aurrestreinaldia. Bost urtetan zehar egindako lanaren emaitza ikusteko momentua izan zen. Ekoizpen honetan bi getaraiarrek hartu dute parte: Joseba Fuentesek produkzio lanetan jardun du, Encarna Urzaizek, berriz, figurante bezala. 200 pertsona inguru elkartu ziren aurrestreinaldian, “pelikula egiten ibili ginenak, babesleak… geunden gonbidatuta; pelikula egiteko laguntzaren bat eskaini genuenak”, azaldu du Fuentesek.

Klasekide baten bitartez izan zuen pelikularen berri Fuentesek, “laguntza bila zebiltzala jakin eta izena eman nuen, ze esparru hau niri asko interesatzen zait”. Produkzio lanetan aritu arren, gauza desberdinak egitea tokatu zaiola aitortu digu: “Pixka bat denetarik egiten nuen, kameralari lana izan ezik. Produkziokoen egitekoa zein den ulertzeko, festa bat antolatzea dela esan daiteke. Badakizu nor joango den, lekuak nola egon behar duen apainduta, janaria behar bada dena prest dagoela bermatu behar duzu, zuzeneko musika badago musikariak bertan egongo dira… dena prest jarri eta ‘grabatzen’ esaten duzu”.

Urzaiz, berriz, Beizamako eta Azpeitiko eszena banatan figurantea izan da. “Lehenengo aldiz, orain dela bost urte, hemen grabatutako pelikula bateko, The Trip to Spaineko, figurantea izan nintzen. Gustatu egin zitzaidan, eta oraingoan ere animatu egin naiz”

Erabaki Produkzioaken lehen film luzea

Orain arte, Erabaki Produkzioakek film laburrak egin izan ditu, eta hau da euren lehen lan luzea. Asier Sustaeta azpeitiarrak zuzentzen du 1926an Beizamako Korosagasti baserrian gertatutako krimenetan oinarritutako ekoizpen hau. Ordubete inguruko pelikula da, eta oraingoz, Azpeitiko emanaldia bakarrik egin dute. Hala ere, irailaren bukaerarako zinemetan ematea gustatuko litzaieke.

Grabazio lanak egiteko sei hilabete inguru behar izan dituzte. “Batzuetan 19:00etan etxetik atera eta goizeko 03:00etan itzultzen nintzen; pelikulak oso ordutegi arraroak dauzka eta produzkiokoak, gainera, sartzen aurrenengoak eta ateratzen azkenak izaten dira”, azaldu du Fuentesek. “Zerbaitekin hasi bazara ezin duzu moztu eta bihar edo etzi jarraitu, ze hurrengo egunean dena berdin egotea oso zaila da”.

Emaitzaren inguruan galdetuta, biek adierazi dute lortutakoarekin gustura daudela. Hala ere, etxean, boluntarioen laguntzarekin eta baliabide mugatuekin egindako pelikula bat dela gogorarazi dute. Fuentesen hitzetan, “oso emaitza polita atera da, baina ezin da ahaztu hemen inguruan ditugun profesionalekin egindako pelikula bat dela, eta ahal den neurrian eta ahal den ondoen egin dela”. “Superprodukzioetara gaude ohituta, baina hau ez da horrelakoa”, gaineratu du Urzaizek.

Garai bateko errealitatearen isla

“Orain dela ia mende bateko istorioa da; Beizama, Azpeitia eta Tolosa inguruko krimen bat. Orduan, garai hartako errealitatea kontatzen du”, dio Urzaizek. “Pelikula ikusten duenak elizak eta familiak gizartean zuten boterea zenbatekoa zen ikusiko dute”, adierazi du Fuentesek.

Hizkuntzaren inguruko zenbait arazo ere agertzen omen dira. Urzaizen hitzetan, “herritar denak euskaldunak ziren, baina epaileak, esaterako, gaztelaniaz bakarrik zekien. Hor, hizkuntzaren arazo hori ere islatuta geratzen da”. Beraz, Korosagasti filmaren bitartez, ikusleek garai hartako euskal gizartea nolakoa zen ere ezagutu ahal izango dute.

Argazkia: Korosagasti

 

Lotutako albisteak: