Azken egunotan koronabirus kasuek gorantza egin dute Hego Euskal Herrian, horren aurrean, Osasun Sailak jakitera eman duenez, zenbait neurri murriztaile hartuko ditu. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo iragarri zuenez, neurriak astebururako indarrean jartzea da asmoa.

Prentsaurrekoan zenbait neurri aurreratu zituen. Hasteko, tabernak, jatetxeak, elkarte gastronomikoak eta diskotekak, beranduenez, 01:30ean itxi beharko dituzte, eta ezingo dira 06:00ak baino lehenago ireki. Diskoteketako edukierari dagokionez ere neurri zorrotzagoak hartuko dira: gehienezko edukiera %60koa izango da, dantza egiteko eremurik ez da egongo eta mahaiak jarri beharko dituzte. Era berean, 00:00etatik aurrera nahitaezkoa da eserita kontsumitzea eta terraza gisa mugatutako eremuan egitea.

Bestalde, 100 pertsona baino gehiago biltzen diren ostalaritza lokaletan edukiera muga %80koa izango da. Gainera, mahai bakoitzean gehienez hamar lagun egongo dira eta mahaien artean metro eta erdiko tartea egongo da. Distantzia hori mahaietatik hurbilen dauden pertsonen artean neurtu beharko da.

Bestelako jardueretan ere murrizketak

Ostalaritzan ez ezik beste zenbait eremutan ere neurriak zorroztu egingo dira. Beilatokietan ezingo dira 60 pertsona baino gehiago bildu, betiere edukieraren %60a gainditzen ez bada. Ehorzketetan ere gehienezko lagun kopurua bera da, 60. Bestalde, ikusleek aurrez ezarritako eserlekurik ez badute, ezingo da erromeriarik, kontzerturik edo beste edozein ekitaldi antolatu. Era berean, gazteek debekatuta izango dute lokaletan biltzea.

Neurriok aste honetan sartuko dira indarrean Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, eta horrekin batera, bertan behera geratuko dira Bergaran eta Tolosan aurretik ezarritako arauak. Indarrean jarraituko dute, ordea, Eibarren, Zarautzen eta Ermuan.

Maskararen erabilera lantokian

Murgak adierazi zuenez, langileak euren lanpostuetan eserita daudenean, ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea. Bestalde, partekatzen diren eremuetan, korridoreetan eta bileretan ezinbestekoa izango da.

Atzo kutsatze kopuruak behera

Azken egunetako joera goranzkoa izan arren, Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuek diote, atzoko egunez kutsatu kopuruak nabarmen egin zuela behera Hego Euskal Herrian. Herenegun, 166 positibo identifikatu zituzten, atzo, berriz, 86, ia erdia: Gipuzkoan 24, Bizkaian 54 eta Araban 7. Era berean, igandean egindako PCR probak baino gutxiago egin ziren atzo. Herenegun 4.323 eta atzo 2.524.

Azken eguneratzearen arabera, Getarian, joan den larunbatean, uztailaren 25ean, bi koronabirus kasu atzeman zituzten; igandean bat bera ere ez.