Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Naturklima Fundazioaren Behatokiak Gipuzkoako Klima Aldaketaren Eraginari eta Zaurgarritasunari buruzko lehenengo txostena egin dute. Txostenak klima aldaketak probintziako ingurune naturalean eta lurraldeko hamar sektore sozioekonomikotan dituen eraginak aztertzen ditu. Helburua da etorkizunean neurriak hartzea eta horrela lurraldearen zaurgarritasuna murriztea.

Emaitzetatik aurreikusi daitekeenaren arabera, itsas mailaren igoeraren ondorioz, mende amaierarako Gaztetape hondartza desagertu egin liteke.

Tenperaturaren eta itsas mailaren igoera

Gipuzkoako batez besteko tenperatura, azken 50 urteetan, 1,2 ºC igo da, eta mende amaierarako, igoera 3 ºC ingurukoa izan liteke. Berotze horren eragina handiagoa da udaberrian eta udan, eta duela 50 urte baino 30 egun bero gehiago erregistratu dira; hau da, ia uda hilabete batez luzatu da. Era berean, udaberrian eta udan prezipitazioak jaitsi egin dira. Jaitsiera %5-11koa izango da, baina ez modu uniformean. Udaran, esaterako, prezipitaziek %35 egingo dute behera.

Mende amaierako agertokirik okerrenean, itsas maila 50-70 zentimetro eta metro bat artean igoko da. Horrekin batera, olatuen tamaina %5-10 haziko da eta ondorioz, hondartzak, %25 eta %40 artean, galdu egingo dira. Getariako Gaztetape hondartza eta Zarauzkoa erabat desagertzeko arriskua dago. Kontxakoak eta Zumaiakoak, berriz, azaleraren %40-50 galduko lukete.

Fenomeno horien ondorio nagusiak lehorteak, eta ibai eta itsas uholdeak izango dira. Horiek, zuzenean, Gipuzkoako biztanleriaren %40ari eragingo die. Egun, itsas maila igotzearen ondorioz, kaltetuak izan daitezkeen pertsonak 10.499 dira; hemendik 500 urtera, berriz, 35.435. Bestalde, ibai uholdeak jasateko arrisku handiena Oria eta Urumea ibaien arroetako udalerriek dute.

Osasunean ere kalteak

Hainbat ikerketen arabera, bero-boladen eraginak heriotza-arriskua areagotzen du. Kalkuluen arabera, Donostia bezalako hiri batean, 30 °C-tik gorako tenperaturan, heriotza-tasa, batez beste, %6,54 igoko litzateke. Oro har, tenperaturen igoera orokorrak, lekualdatzeak eta urtaroen iraupenaren aldaketak asma-krisietan eta alergietan ondorioak izango ditu. Neguko hotz-boladek ere eragin negatiboa izan dezakete herritarrengan; batez ere, pobrezia energetikoa jasaten dutenengan.

 

Lotutako albisteak: