Artzaperen azken alea ikusi duzuenok badakizue zerbait: uda honetan oihalezko poltsak izango ditugu salgai. Uda honetan diogu, baina uste baino lehenago izango da, bihartik eskuragarri egongo baitira Gluglu bitxi dendan eta Katrapuna kantinan. Prezioa: 8 euro.

Gainera, datorren astean (zehaztuko dizuegu eguna) kalean izango gara poltsak saltzen. Aipatutako puntuetara gerturatzerik ez duzuenontzat, berriz, erreserba egiteko aukera eskaintzen dizuegu: posta elektronikoa idatzi info@artzape.eus helbidera eta datorren astean, goizez, pasa zaitezkete Eskualtxetan dugun bulegotik.

Plist eta Plast, aldizkariko katu estimatuak, ditugu poltsako protagonista, eta ondo baino hobeto islatzen dute herri hedabide askoren errealitatea, esparru ezberdinetako lanak egin beharra aldi berean. Ederki ilustratu du hori Edurne Irigoienek; eskerrik asko!

Egunerokoari eusteko erronka

Azken urteetan eguneroko informazioan sakonago murgildu gara Artzapen, webguneak gure lana indartzea eragin du, eta horrek, gastuak handitzea. Bide horretan jarraitu nahi dugu, herritarrei herrikoaren berri ematen. Horretarako, baldintza ekonomikoak hobetzea ezinbestekoa dugu, ordea.

Beste urte batzuetan herritarrekin elkarbanatzeko ekitaldiak antolatu izan ditugu, kultura eskaintzearekin batera diru sarrera lortzeko. COVID-19ak eragindako egoerak, ordea, ez du halakorik bermatzen, horregatik erabaki dugu zerbait berria eta berezia eskaintzea.