Asteartean egin zuen Getariako udalbatzak ohiko batzarra. Gai zerrendan zegoen Magallanes, Cristobal Balenciaga eta Herrerieta kaleetako zenbait etxebizitzek osatzen duten Makibar eremuko lursail batzuk Udalaren esku uzteko hitzarmena. Hain zuzen ere, Cristobal Balenciaga kaleko 4. eta 6. eraikinen inguruko eremua bihurtuko dira publiko.

Urte luzeetako auzia da Makibarrena, izan ere, 2015etik ari da Udala lursail horiek erregularizatzeko lanean. Etxebizitzak eraiki zirenean, horien lurrak eta inguruko beste zenbait bertako etxejabeen esku geratu ziren; urteak pasata, desadostasunak eragin izan ditu horrek bertako bizilagunekin. 

Azken informazio batzordean, eremu horretako mapa eta plano ezberdinekin, hitzarmen lanketa egin zuten bi alderdiek. Astearteko udalbatzarrean, berriz, aho batez onartu zuten hitzarmena, eta erabaki horri esker, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta prozesua hasiko dute. Bide luzea aurreikusten dute oraindik ere, baina aurrerapausotzat hartu dute bi alderdiek. Hala adierazi zuen Aitor Urresti EAJko bozeramaleak: “Pozten gara honi bukaera ematen hasteaz, herriaren onurarako izango da”.  

Bestalde, EAJk proposatuta eta aho batez onartuta, zinegotziei gobernu organoetara joateagatik dagokien diru saria zuzenean beraiek, eta ez alderdiak, jasotzea erabaki dute. Hala, bereizi egingo dituzte zinegotziarentzako saria eta alderdiarentzakoa.

Amaitzeko, N-634 errepidean gehiegizko abiaduragatik isunak jarriko dituen semaforo berriaren harira, izena jarri diote bide ondoko pasabideari. Aurrerantzean, Santanape deituko da, ofizialki ere. 

Abuzturako lanak

EAJ alderdiak udalbatzarrean eskatu zuen duela bi hilabete COVID-19ak eragindako egoera arintzeko proposatutako neurriak aztertzeko. Urrestik azaldu zuen sektore ezberdinei lotutako proposamenak zirela eta udazkenera begira, ordenantza fiskalak lantzerako, horien inguruan sakontasunez hitz egin nahiko luketela. Ibon Gereka EH Bilduko bozeramaleak zenbait neurrirekiko zalantza agertu bazuen ere, hausnartu eta eztabaidatzeko bilduko direla aurreratu zuen.