Erresuma Batuak aste honetan iragarri duenez, Espainiar Estatuko herrialdeetara bidaiatzen dutenek, itzuleran, bi asteko berrogeialdia egin beharko dute. Bestalde, Alemaniako Atzerri Ministerioak Nafarroara ez bidaiatzeko gomendioa egin die herritarrei: “Ezinbestekoak ez diren bidaiak ez dira gomendagarriak Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako autonomia erkidegoetara, izan ere, kutsatzeek gora egin dute azken asteetan”.

Saiaz hoteleko arduradunetako baten hitzetan, “ingelesekin eta alemanekin, maiatza-ekaina eta iraila-urria izaten dira hilabete garrantzitsuak; beraz, orain ezarri dizkieten neurriek, ez digute askorik eragiten. Gure kasuan, koronabirusaren hasierako zalapartak izan zituen ondorio handienak”.

Katalanekin nabaritu dutela beherakada handiagoa aitortu du arduradunak: “Madrildarrak berehala atera dira, baina Katalunian neurri zorrotzagoak hartu dituztenez, horiek askoz gutxiago etorri dira. Orain, pixkanaka gehiago etortzen ari dira. Pare batek esan digute azkar hartu dituztela oporrak eta etorri egin direla, ze gero, Katalunia ixten badute, bueltatzen utziko diete, baina ateratzen ez”. Epotx Etxea landetxean ere egoera berdina da: “Kataluniatik oso bisitari gutxi datoz, eta nazioartekoak ere gutxi dira”.

Bestalde, bisitariek, orokorrean, egonaldi askoz laburragoak egiten dituzte, eta “%90a estatu mailakoa da; batez ere madrildarra”.

Egoera aldakorra

Data hauetan beteta egon beharko luketela aitortu du: “Hala ere ez gaude txarto: momentuz, %80 inguruan dago beteta hotela”. Era berean, eguraldiak eragin nabarmena omen du. “Eguraldi onarekin jendea pasatzen da, Getaria agertzen da toki guztietan, eta ea tokirik dagoen galdetzen dute. Orduan, agian, bete egiten da. Lehengo urtean, uztaila eta abuztua aurretik beteta genituen, eta orain ez. Egun batetik bestera, aste batetik bestera… gauzak aldatu egiten dira”.

Herrian izandako koronabirus agerraldiaren eragina ere nabaritu dute Saiaz hotelean, esaterako. “Komunikabide guztietan Getaria agertu zen, erreserba pila bat bertan behera geratu ziren. Egonaldi luzeak laburtu ere egin zituzten”. Aurtengo egoera berezia dela kontuan hartuta ez daudela gaizki dio. “Langileria guztia martxan dago. Gauza da ez dakigula datorren astean, hemendik bi astetara… nola egongo garen. Baina guk ezin dugu ezer egin”.