Lasterkarien eta ikusleen ongizatea bermatzeko baldintzarik ez dagoela eta, bertan behera geratu da Euskal Kosta Krosaren laugarren edizioa.

Datorren urteko lasterketari begira, udazkenean bertan antolakuntza bilerekin ekingo diote. Helburua da 2021. urteko edizioa egitea. Hala ere, pandemiak izaten duen bilakaera erabakigarria izango da. Udal Elkarteak jakinarazi duenez, “parte hartzaileen, boluntarioen eta ikusleen osasuna lehenetsi, eta segurtasuna bermatzeko baldintza egokiak betetzen badira egingo da”.

Jatorria

Euskal Kosta Krosa lasterketa ibiltaria da. Urola Kosta Udal Elkartearen bidez, kostako bost udalek (Getaria, Zarautz, Zumaia, Orio eta Aia) bat egiten dute. Probaren edizio bakoitzean, irteera eta bukaera Urola Kostako bost udalerri horietako batean izaten da.

2017an egin zen lehen edizioa Zumaian, 2018an Zarautzek hartu zuen lekukoa eta iaz Getarian egin zen. Lasterketaren helburua da, bost udalerrien arteko harremanak sendotuz eta indarrak batuz, bailara ikuspuntua bultzatzea eta Urola Kostako eskualdea ezagutzera ematea. Kalitatezko kirol proba antolatzearekin batera, bailarako turismoa sustatzea du xede egitasmoak.