Saioa Martinez de Lahidalga Azkuek Urola Kostako adinekoen osasun arretan hizkuntzak duen eragina ikertzen dihardu. Getariarra medikuntzan graduatua da, eta aurten, UEUk eta EHUk lehenengo aldiz elkarlanean martxan jarri duten Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan graduondokoa egin du. Hain zuzen, graduondokoaren amaierako proiektu modura, Felix Zubia medikuarekin batera, adindunak beren hizkuntzan artatuak izateak duen garrantzia aztertu nahi du.

Helburua da etorkizunean kalitate handiagoko osasun zerbitzua eskaini ahal izatea: “Pazienteak, kolektibo bateko kide den aldetik, kultura eta hizkuntza barnebiltzen ditu, eta garrantzitsua da hauek ere kontutan hartzea ahalik eta kalitate handieneko osasun arreta eskaini nahi bada”.

Galdetegia

Herritar talde horren errealitatea ezagutzeko eta lekuko osasun arreta eta hizkuntzaren diagnosi bat egiteko asmotan galdetegi bat prestatu du. Eskualdeko 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako galdetegia da eta hemen duzue eskuragarri.