Getariako Arraun Elkarteak bart sare sozialen bitartez jakinarazi zuenez, arraunlarietako batek COVID-19a atzemateko PCR proban positibo eman zuen. Hori dela eta, “Osakidetzak eta Osasun Sailak ezartzen dituen protokoloak jarraituz, traineruko arraunlari guztiak eta zuzendaritzako kide batzuk etxean daude”, azaldu dute.

Protokoloa jarraituz, guztiek PCR probak egin dituzte eta hamar egunez egon beharko dute etxean konfinatuta. Ondorioz, KAE1 Ligako datozen bi jardunaldietan, gutxienez, ezingo dute parte hartu. Larunbatekoa, gainera, zita berezia zen Esperantza traineruarentzat, bertako bandera, XI. Getariako Bandera, jokatuko baita.

Proben emaitzak gaur izango dituzte arraunlariek, eta momentuz negatibo ematen ari dira. Orain, helburua da abuztuaren hirugarren asteburuko estropadetarako guztiak behar bezala osatzea eta Santanderren jokatuko diren jardunaldietarako prest egotea.

Elkartasun mezuak

Azken orduetan Arraun Elkarteak elkartasun mezuak jaso ditu. Sare sozialen bitartez hainbat herritarrek euren babesa adierazi die, eta Keta Futbol Taldeak ere eurekin bat egiten duela eta berriro ere entrenatzen ikusteko gogoz daudela adierazi die.