19:30ean hasi eta ordubete inguruko emanaldia eskaini zuten atzo Kattalinek eta Olaiak Bista onan. Bertaratutakoek leku paregabe horretan, atzo arratseko eguraldi bikainarekin, musika ezin hobeaz gozatzeko parada izan zuten.

Hasierako urduritasunak gaindituta, oholtza gainean gustura nabari zitezkeen bi artistak eta kontzertu borobila eskaini zuten. Euskal kantugintzako abestiak izan ziren atzokoan protagonista: Iker Laurobaren, Izaroren, Katamaloren, Hertzainaken eta Latzenen abestiak, besteak beste. Publikoak ezagun zituen, bat baino gehiago abesten entzun baitzitekeen.

Emanaldiaren hasieran bakarrik igo zen oholtzara Kattalin. Hala, lehenengo abestietan bera bakarrik, soilik gitarra baten laguntzaz, aritu zen. Ondoren, gainerako kontzertuan zehar, teklatuarekin eta zenbait koro eginez, Olaia izan zuen bidelagun getariarrak.

Amaieran esker hitzak besterik ez zituzten izan. Bertaratutako guztiak eskertu zituzten eta baita Getariako Udala ere, Getarian.Gozatu.Kultura egitarauan halako kontzertu bat eskaintzeko aukera emateagatik. Horrez gain, Getarian bertan, Katrapuna plazan, hilaren 16an, 19:00etan, beste kontzertu bat eskainiko duela iragarri zuen Kattalinek.

 

Lotutako albisteak: