Euria dela eta, atzoko ikuskizunak ez ziren aurreikusi bezala egin. Lekuz aldatu behar izan zituzten, eta ondorioz emanaldiak beranduago hasi ziren. Hala ere, nabari da jendea kultur gosez dagoela, herritar ugari bertaratu baitzen Getarian.Gozatu.Kultura egitarauko ekitaldietara.

Arratsaldea etxeko txikienei zuzendutako Dantzaipuinak ikuskizunarekin hasi zen. Bista Onan beharrean eskolako aretoan egin zen, eta hasierako ordua 20 minutu inguru atzeratu zen. Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariak eta Jaione Albeniz dantzariak sortutako proiektu honek dantza eta ipuina uztartzen ditu.

Agirresarobek ipuinak kontatzen zituen bitartean etenaldiak egiten zituen, eta tarte horietan, Albenizek kontakizuna dantzaldi batekin osatzen zuen. Ordubete inguruko ikuskizuna izan zen eta haurrak gustura egon ziren erensugea eta sorginak agertzen ziren ipuinetan murgilduta.

Ondoren, 20:00ak pasatxo hasi zen Salbatore elizan Broken Brothers Brass Banden kontzertua. Hamar musikarik osatutako taldeak New Orleanseko egungo brass banden kaleko soinuak jo zituzten, zein baino zein dantzagarriagoak. Hainbat estilotako doinuak izan ziren entzungai, besteak beste, funka, gospela eta jazz modernoa.

Lotutako albisteak: