Hunkigarria benetan gaur eguerdian Llançako (Kalalunia) Plaza Nagusian Isabel Etxeberria Gorritiri (Donostia, 1915) egin dioten omenaldia. Getariako eta Llançako udalek egin nahi izan dioten aitortza bat izan da. Bertan, bi udaletako ordezkariez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteko Juantxo Agirre Mauleoan idazkari nagusia eta Ione Zuloaga ikerlaria egon dira. Horrez gain, senitartekoak eta bere ikasle izandako herritar ugari bertaratu dira ekitaldira.

105 urte izan arren, bizipoz, indar eta alaitasun ikaragarria duen emakumea da Etxeberria, ikusi ezean sinestu ezin daitekeena. Magisteritzako ikasketak egin zituen, zientzietan espezializatuta, eta bizitza guztian zehar irakasle lanetan aritu da. Bigarren Errepublika garaian, zehazki 1937ko irailaren 11n, Getariara lekualdatu zuten, eta ondorengo hiru urtetan zehar, arrantzaleen kofradian zegoen eskolako irakaslea izan zen. Getarian egon ostean, Gabiriara (Gipuzkoa) bidali zuten, eta 1943 arte bertan egon zen klaseak ematen. Urte amaieran, gobernu frankistak irakasleak postuetan kokatzeko konkurtsoa egin ondoren, gaur egun bere bizileku izaten jarraitzen duen kataluniako herri txikira, Llançara, lekualdatu zuten.

Gaurko ekitaldiaren ondoren, ARTZAPEk Etxeberriarekin hitz egiteko aukera izan du eta eskertza hitzak besterik ez ditu izan guztientzat: “Sentitzen dudana ezin da adierazi… barrua dena beteta dut. Eskerrik asko besterik ez zait irteten”. Irakaskuntzaren inguruan galdetuta, “umeek beti gogoratzen dute txikitatik maisuek erakutsitakoa” esan digu, eta “bihotzez ematen dena bihotzean gordetzen da”, gaineratu du.

Memoria historikoan beste aurrerapauso bat

Omenaldian, Francesc Guisset Llançako alkateak Aranzadi Zientzia Elkarteak, Getariako Udalarekin batera, egin duen lana azaldu du: “1936 eta 1945 urteen artean errepresio frankista jasan eta Getariako herriarekin nolabaiteko lotura izan zuten pertsonen inguruko datuak biltzen dihardute; jasotako istorio desberdinen artean dago Etxeberriarena”.

Etxeberriari aurreskua dantzatu ondoren, Haritz Alberdi Getariako alkateak ere hartu du hitza, eta “gaur hemen egotea plazer bat eta ohore bat” dela aitortu du. “Txapela kentzen dut horrelako jarreren eta balioen aurrean: niretzat oso garrantzitsua da euskerarekiko eta herri umilarekiko izan duzun maitasun hori, edo hezkuntzarekiko izan duzun konpromisoa”.

Amaitzeko, Juantxo Agirrek Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak egiten ari direna memoria historikoa ez, demokratikoa dela argitu du. “Guk zenbait printzipio defendatzen ditugu; errepublikaren eskutik zihoazen demokrazia eta giza eskubideen defentsa”.