Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak eskola kirola martxan jartzea erabaki du. Kirol erakundeekin, ikastetxeetako koordinatzaileekin eta ikasleen gurasoekin egindako bileraren ondoren hartu du erabakia. Urriaren 1ean kontaktu fisikorik gabeko entrenamenduekin eta jarduerekin hasiko dira ikasleak, kimuen eta haurren lehiaketak, berriz, ez dira datorren urtarrila arte hasiko.

Ikastetxeak ezarritako protokoloetara egokitu daitezen eta beharrezko materiala erosi ahal izateko, aldundiak 50.000 euro bideratuko ditu. Era berean, eskola kirolean parte hartzen duten begirale guztiek Kirolaren Euskal Eskolak eskainiko duen prestakuntza ikastaroa egin beharko dute.

Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu du kirol jarduerak erabat murrizteak ondorio psikologikoak dituela eta kalte egiten diola ongizate emozionalari: “Ingurune seguruetan egiten den kirola aliaturik onenetakoa da haurrek eta, oro har, herritarrek beren osasuna eta egoera fisikoa hobetzeko eta pandemiak sortutako egoera ahalik eta modu osasungarrienean gainditzeko”.

Zenbait egokitzapen

Eskola kirola antolatzen duten erakundeek jarduerak eta lehiaketak kontaktu fisikorik gabe eta pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia mantenduz egingo direla bermatu behar dute. Neurri horiek betetzeko joko arauak egokitu behar badira, hala egin beharko da, edota lehiaketa alternatibo batzuk ere proposatu ahal izango dituzte.

Entrenamenduak nahiz lehiaketak gehienez 15 pertsonako taldetan egin beharko dira, eta gutxieneko segurtasun distantzia mantendu beharko da. Era berean, ahal den neurrian, materialen erabilera partekatua saihestuko da; ezinbestekoak diren erabilera komuneko materialei gomendatutako higiene eta garbiketa neurriak aplikatuko zaizkie.

Argazkia: eitb