Datozen egunetan agurtuko dugu urtaroa, Getarian, ordea, pasa den igandean, irailaren 13an, amaitu zen uda denboraldia. COVID-19aren eraginez hartu behar izan diren neurriengatik, ezohikoa izan da aurtengoa. Horrek, hala ere, ez ditu bazterrean utzi azken urteetako beharrak. Guztiak izan ditu kontuan Haritz Alberdi alkateak udaren balorazio egiteko garaian.

Azaldu duenez, udan jende asko hurbildu da herriko hondartzetara eta “behin baino gehiagotan” kudeatu behar izan dute hondartzek har zezaketen jende kopurua baino handiagoa. Adibide gisa honakoa argitu du: “Aurreko urtean behin bakarrik gainditu zen 1.500 pertsonako kopurua eta aurten, hiruzpalau aldiz”. Hain zuzen ere, “prebentzioa eta segurtasun neurriak ahalik eta egokien betetzeko”, Udalak hondartzain bat kontratatu duela gogoratu du, baita garbiketa maiztasuna gehitu dutela, edukieraren kontrolerako sentsoreak jarri direla eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean aritu direla ere. “Orokorrean, gustura gaude honek guztiak jendearen babesean izandako eraginagatik”, baieztatu du.

Hondartzetako jende uholdearen aurrean, getariarrek beste leku batzuk aprobetxatu dituzte bainurako: “Moilako eremu ezberdinek aurten izan duten bizitzak aipamen berezia merezi du. Getariarrok oso ondo dakigu zein garrantzitsua den gure bizitzetan moilak jokatu duen papera. Belaunaldiz-belaunaldi, gainera, moilaz gozatu izan dugu herritarrok eta aurten ere, haur, heldu eta zaharrek gozatzeko leku bihurtu da. Pozgarria izan da”.

Herriko aparkaleku sistemak zenbait aldaketa izan ditu: batetik, G-634 errepidetik gorako ia aparkaleku guztiak egoilarrentzat jarri eta bisitariak moilara bideratu dira, eta bestetik, Gurutze Gorriko arduradunekin elkarlanean, plaza gehiago erreserbatu dituzte behar gehien dituzten erabiltzaileentzat. Azken horiek berrikuntza “oso pozik” hartu dutela jakinarazi du Alberdik.

Sorosleen afera

Iaz hainbeste gorabehera eragin zituen sorospen zerbitzuen gaiak mahai gainean jarraitzen du oraindik. Gipuzkoako kostaldeko herrietan, udalek ordaintzen dituzte sorosleak, eta hurrengo urteei begira, hobetu beharreko gaien artean jarri du Alberdik. “Getariako herritarroi, aurten, 138.000 euro kostatu zaigu zerbitzu horren kontratazioa. Aldundiari kostua bere gain hartzeko eskaera luzatu diogu azken urteetan udal desberdinetatik. Bizkaian 2012tik egiten dena Gipuzkoan egiten hasteko eskaerak hor jarraitzen du”, azaldu du.

Hondartzetako Mahaia bildu eta honi irtenbidea emateko eskaera egina dutela argitu du, “herriari eragiten dion karga ekonomikoaz gain, zerbitzuaren kalitatea baitago jokoan”. Gaineratu du “oinarrizko zerbitzu honek” ezin duela egon “herri bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren ezta irabazi asmoak dituzten enpresen eskuetan ere”.