Datorren asteazkenerako aurkezpen-bilera irekia antolatu du Getariako Euskaraldiako batzordeak. Deialdia herriko elkarteei zuzenduta dago, eta bi helburu ditu: batetik, Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzea; eta bestetik, Getariako entitateak ekimenera erakartzea.

Aurkezpena 18:30ean hasita, Ulpiano aretoan egingo da. Batzordekideek, edukiera muga dela eta, bertaratzeko asmoa dutenei konfirmatzeko eskatu diete. Horretarako getaria@euskaraldia.eus helbidera mezua bidali beharko da.

Euskaraldiaren bigarren edizioa

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial hau azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Aurtengoan, gainera, rol berri bat dago: arigune-a. Aurreko edizioan bezala, herritarrek norbanako modura parte hartu ahal izango dute. Baina horrez gain, baita talde gisa ere; Ahobizi-ez eta belarriprest-ez gain, aurtengoan arigune-ak ere egongo dira.

Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte: publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kooperatibek, kultur eta kirol elkarteek… Horiek, bertako kideek euskaraz aritzea bermatu beharko dute une oro, entitate barruan edo herritarrekin duten harremanetan. Batzordeak ARTZAPEri adierazi dionez, “dagoeneko, 25 entitate inguruk eman dute izena Getarian”. Izen ematea Euskaraldiako webgunearen bitartez egin behar da, eta igandea, irailak 27, izango da horretarako azken eguna.

 

Lotutako albisteak: