18:30etik aurrera, ostegunean egingo du Katukale Irakurle Taldeak ikasturteko lehenengo saioa Ulpiano aretoan. Beste urteetan bezala, Uxue Alberdi izango da dinamizatzailea eta, jada, urte amaiera bitarteko programazioa egina du. Parte hartu nahi dutenek izen ematea udaletxean egin beharko dute.

Partehartzaileei, hilero, gai eta genero desberdinak jorratzen dituzten liburuak proposatzen zaizkie, eta ondoren, horien inguruan solasean aritzeko saio bat egiten dute. Bi hilean behin, gainera, idazle gonbidatuak izango dituzte. Ondorengoak dira, urte amaiera bitartean landuko dituzten liburuak:

  • Irailak 24: Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak, Irene Solá
  • Urriak 29: Nobela errealista bat, Joxean Agirre
  • Azaroak 26: Kafe tristearen balada, Carson McCullers
  • Abenduak 17: Ene baitan bizi da, Maddi Ane Txoperena
Pintura tailerra eta eskulanen ikastaroa

Osteguna, irailaren 24a, izango da pintura tailerran izena emateko azken eguna. Era berean, ostegunean bertan, 18:30ean, alondegian, ikastaroaren inguruko xehetasunak emateko eta zalantzak argitzeko informazio bilera egingo da. Irakasle lanetan, berriz, beste urteetan bezala, Manuel Fernandes margolaria arituko da. 

Gure Txeru Elkarteak ere eskulanen ikastaroa abian jartzeko lanetan dihardu. Elkartetik adierazi dutenez, interesatuek 609 213 274 telefonora deitu behar dute.

Argazkia: Getariako Udal Liburutegia.