Joan den irailaren 9an, bidaiariz, abenturazalez eta kirolariz osatutako sei laguneko talde bat Getariatik, Elkanoren jaioterritik, Sevillara bizikletaz abiatu zen, helburu bikoitzarekin: batetik, ibilbide historiko eta kultural batean euskal itsasgizonaren nabigazioari lotutako hainbat herri elkartzea; bestetik, bidaia hartatik abiatuta, gaurkotasuneko gaiei buruzko gogoeta egitea.

Ekimen horri Magallanes-Elkano Espedizioa deitu diote, eta Elkano Fundazioak eta Andaluziako Juntako Turismo Kontseilaritzak sustatu dute. Espedizioko kideak pasa den ostiralean Sanlucar de Barramedara iritsi ziren, eta igandean, asteburuan zehar Sevillan egin den Magallanes-Elcano Gizarte Berrikuntzako Nazioarteko I. Kongresuan, euren esperientzia aurkeztu zuten.

Hausnarketa eta lankidetza

Getaria eta Sevilla arteko ibilbidea egin duen talde osoarekin batera, Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak hamaika eguneko bidaian izandako bizipenak eta ideia-trukea aurkeztu ditu Kongresuan. “Gogoeta ardatza eta lankidetza bitartekoa” izan direlarik, esperientzia hori “historiaren eta orainaren arteko interakziorako gunea” izan da. Irurzunek adierazi du egungo krisi sozial, ekonomiko eta sanitarioa inflexio-puntua dela gizartearentzat, duela 500 urte, lehen mundu bira izan zen bezala. “Erronka hark ontziratutako pertsonen talentu eta gaitasun guztia behar izan zituen; eta egungo egoerak gizarte osoaren talentua eta gaitasuna eskatzen ditu, pertsona bakoitzaren onena”.

Ibilaldiaren etapa bakoitzean hausnarketarako gairen bat proposatu da eta aniztasunaren, iraunkortasunaren, sakrifizioaren balioaren edo aldaketara egokitzearen inguruan hitz egin dute. Horien harira hainbat ideia sortu dira taldean, hala nola “500 urte barru ingurumena errespetatzen duen belaunaldi ezberdin gisa ikus gaitzaten nahiko genuke”.

Egungo gizartean nagusi den arrakastaren kontzeptuari buruz ere eztabaidatu dute; izan ere, batez ere jarduera profesionalari lotuta dagoela eta “ezin duela zoriontasuna bermatu” uste dute, “kanpoko balorazioaren zain gaudelako, norberaren balorazioaren zain baino gehiago”. Desberdintasuna onartzea, elkartasuna, lankidetza eta etorkizuna elkarrekin sortzeko erronka dira taldeak ibilbidean zehar hausnartzeko aukera izan duen beste gai batzuk.

Bestalde, bidaian zehar, hausnarketa-esparruekin zerikusia duten pertsonekin hitz egin dute, hala nola, Juan Ignacio Perez UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariarekin; Maria Martinon-Torres Giza Eboluzioaren Museoko zuzendariarekin; Jose Carlos Ruiz filosofoarekin; eta Jose Carlos Ruiz katamotz iberiarraren biologo kontserbazionistarekin.

Ibilbide historiko eta kultural baten lehen urratsak

Magallanes-Elkano Espedizioa ibilbide historiko eta kultural baten proba pilotua ere izan da. Hala, lehen mundu bira hartan gertatutakoaren ikuspegi eta kontakizun desberdinak integratuz, mundubira formatu berrietan zabaltzea du helburu. Ibilbide honen behin betiko diseinuan Basquetourrek eta Andaluziako Jutak parte hartuko dute, eta Gaztela-Leongo, Gaztela-Mantxako eta Extremadurako Juntek ere parte hartzea espero da.