Astelehenetik osteguna bitartean, irailaren 28tik urriaren 1era, ate irekien saioak antolatu ditu kiroldegiak. Ikasturte berriari begira, haur, heldu zein hirugarren adinekoentzat ikastaro eskaintza zabala prestatu dute, eta datorren astean horiek probatzeko aukera izango da. Jose Ignacio Atorrasagasti kiroldegiko arduradunak azaldu duenez, “jardunaldi hauek guztiak dohainik izango dira eta ikastaroak erabiltzaileengana hurbiltzeko aukera emango du”.

Ikastaroak urrian hasiko dira, eta adin tartearen arabera eskaintza desberdina izango da: haurrentzat judoa, zumba eta jolasak eta psikomotrizitatea; helduentzat spinninga, aerobik-stepa, yoga, pilatesa, karatea eta krav maga; eta hirugarren adinekoentzat goizetako pilates saioak.

“Getariako kiroldegitik herritarrak ate irekien jardunaldi hauetara gonbidatu nahi ditugu, inongo konpromezurik gabe”. Saio horiek ikasturtean zehar ikastaro bakoitzak izango duen ordutegi berdinean egingo dira. Era berean, egun horietan, erabiltzaileek ordutegi edota egun berriak proposatu ahal izango dituzte, “denon gustuko ordutegietara moldatuz ikastaro guztiak”.

Ikastaro batzuk irailatik martxan daudenez, ate irekietarako izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, kiroldegira gerturatu edo 943140432 telefonora deitu behar da.