Lan hitzarmenaren negoziazioan ADEGIri presioa egiteko, LAB sindikatuak mobilizatzera deitu ditu metalgintzako langileak. Gipuzkoa osoan zehar ari dira mobilizazioak egiten, eta egun hauetan Urola Kostan egingo dituzte. Gaur goizean, 10:00etan hasita, Arroatik Azkoitira auto karabana egiteko deia egin dute. Bihar, ordu berean, Oriotik Zumaiara egingo da.

Udako etenaldiaren ondoren, sindikatuek eta ADEGI patronalak irailaren 5ean ekin zioten berriro Gipuzkoako metalgintza sektoreko lan hitzarmena negoziatzeari, baina oraingoz, ez dute adostasunik lortu. Ostiralean egingo duten bileraren aurretik, langileei mobilizatzeko deia egin die LAB sindikatuak. Sindikatuak adierazi du argi duela “negoziazioak aurrera egin dezan eta ADEGIk bere proposamenak hobetu ditzan, beharrezkoa dela sektoreko langileak antolatzea eta aktibatzea”.

LABen aldarrikapen nagusiak

Soldata duinak, lanaldi-murrizketa, lizentziak eta baimenak hobetzea, gazteen kontratuak hobetzea, azpikontratatutako langileentzat subrogazio eskubidea, behin-behinekotasuna eta ABLEak mugatzea, aukera berdintasuna, errelebo kontratatua eta laneko bajetan %100a kobratzea eskatzen dute. Sindikatuaren arabera, “Gipuzkoako metalgintzako enpresek 2018. urtean 840.762.000 euroko irabaziak izan zituzten, baina hala ere patronala ez dago langileen lan baldintzak duintzeko prest”.

Argazkia: LAB sindikatua