Datorren astelehenean, irailaren 28an, eskualdeko pentsiodunen mugimenduak Zumaian egingo du elkarretaratzea. Beheko plazatik 12:00etan abiatuko da manifestazioa, eta Balbino Inzak, Getariako Jubilatuen eta Ezinduen Elkarteko kideak, Artzaperi baieztatu dionez, Getariarrak ere bertan izango dira.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeaz gain, zaintza eta osasuna erdigunean izango dituen sistema bat aldarrikatuko dituzte. Horrez gain, adinekoen egoitzetan instituzioek beharrezko baliabideak ipini ditzaten eskatuko dute.

Gaur, adinekoen egoitzetako lan-gatazka konpontzea eskatu dute

Bestalde, Getariako pentsiodunak, gaur, Azpeitian izan dira. Gipuzkoako Senideak elkarteak Sos erresidentziak: zaintza erdigunean lelopean, Azpeitiko plazan agerraldia egin du. Euren eskaera nagusia egoitzen lan gatazkari “berehalako konponbide eraginkorra” eman diezaioten eskatzea izan da.

Lotutako albisteak: