Uda hasieran EAJ alderdiko Gemma Marrerok utzitako zinegotzi kargua hartu zuen atzoko udalbatzarrean Iosu Mugikak. Postu berriko eginkizunak zintzo beteko dituela zin eginda, Haritz Alberdi alkatearen ongietorria jaso zuen. 

ARTZAPEri egindako adierazpenetan azaldu zuenez, sentsazio onekin eta gogotsu hartu du kargu berria. “Konturatzen zara hau herrikidez ostatutako mahai bat dela, erabakiak bertan hartzen direla eta ondorioz, erantzukizuna handia dela. Beste lekuetan ere hartzen ditugu ardurak eta…”, azaldu zuen. Bere lan egiteko modua ere zehaztu zuen: “Gustatzen zait erabakitzerakoan nire iritziak ere kontuan hartzea eta taldean funtzionatzea bai alderdi politikoaren barruan bai bestelako mailetan ere. Elkarlanean sinesten dut”.

Makibarreko hirugarren eraikina

Udalbatzarreko lehen gaia izan zen Makibar deituriko eremuko beste lur zati bat Udalaren esku geratzea. Duela hilabete batzuk bi eraikinetako bizilagunekin adostasunera heldu ondoren, orain arte Magallanes 1ekoak izan diren zein gune bilakatuko diren publiko eta zein geratuko diren pribatu gisa zehaztu dute.

2016an auzotarrek gune publikoa eta pribatua batuko zituen arrapala bat eskatu zutela gogoratu eta hori akordioan sartu den galdetu zuen Aitor Urresti EAJko bozeramaleak. Hori ezeztatuta, aldeko botoa eman eta aho batez onartu zuten urrats berri hau. Dena den, Urrestik azpimarratu zuen auzotarren esku geratuko den lur eremu txiki batek etorkizunean irisgarritasunari lotutako arazoak eragin ditzakeela. 

Dirulaguntzak merkatari txikiei eta Musika Eskolari

Getariako 2020-2023ko dirulaguntzen plan estrategikoak aldaketak izango ditu, izan ere, dirulaguntza handiagoak emango zaizkie hainbat egitasmori. 

Batetik, COVID-19aren harira, Babexa elkartearekin eta herriko merkatariekin elkarlanean, erosketa txartelak kaleratuko ditu Udalak. Duela hilabete batzuk martxan jarritako Heldu estatxa kanpainaren baitan egingo dute eta herri-entitateak 10.000 euro bideratuko ditu. Ibon Gereka Parte-hartze zinegotziak jakinarazi zuenez, “merkatariek hala eskatuta” aterako dituzte orain, eta ez lehenago, erosketa txartelak. 

Bestetik, 35.000 euro erabiliko dituzte saltokiak pandemiaren aurka zehaztutako segurtasun neurrietara egokitzeko egindako gastuekin laguntzeko. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du neurri honetan. 

Azkenik, Musika Eskolak aurreikusitakoa baino 5.000 euro gehiago jasoko ditu 2020an, izan dituen aitatasun eta amatasun bajak betetzeko.

Udaleko bi alderdiek, aho batez, onartu zituzten neurri ekonomiko hauek. 

 

Lotutako albisteak: