Duela pare bat aste Donostian egin bezala, Uxue Alberdi idazleak Dendaostekoak lana aurkeztu zuen atzo Getarian, Bista Onan. 50 herritar ingururen aurrean hartu zuten hitza idazleak berak eta Leire Lopez editoreak, eleberriaren nondik norakoak azaltzeko.

Lopezek azaldu zuenez, hirugarren aurkezpena zuten atzokoa: Donostian egin zuten lehena duela pare bat aste eta Elgoibarren bigarrena, liburuak ardatz duen Pitxintxu denda dagoen herrian, hain zuzen ere. 

Editorearen hitzetan, “denda baten kronika literario” gisa definitu dute lana kontrazalean, eta bestelako kronika mota batzuetara ohituago gauden arren, “kasu honetan, dendari birekin izandako elkarrizketetan jasotako informazioa antolatzeko, idazlearen eskuak egin du lan kazetariarenak baino gehiago”. Alberdi berak gero argitu zuen 2019ko urritik 2020ko martxora, asteazkenero bildu zela liburuko protagonistekin, Izaskun eta Mari Jose Estibaritz ahizpekin. 

1978an ireki zuten Pitxintxu denda Estibaritz ahizpek Elgoibarko San Frantzisko kalean. Brodatuak eta liburuak zituzten salgai; ordura arte enkarguz, etxean, egiten zituzten jostun-lanak. Kalea tailerrez, tabernez eta saltokiz beteta zeuden orduan. 

Han bizitako istorioak biltzen dituen liburuaren xehetasunak eman zituen Lopezek: “Ordena propio batean daude antolatuta zatiak eta egileak badaki non dagoen gauza bakoitza eta zergatik, dendariek dendan bezala”. Bi narratzaileren begietatik, ikuspuntu batetik bestera salto egiten duela azaldu zuen.

Narrazioak jasotakoa, ordea, ez da denda barruko bizitza bakarrik, erakusleihoaz harago ikusten zutena ere kontatzen baitute protagonistek.

“Nostalgia aurreratua”

Alberdiren hitzetan, Pitxintxuko jabe eta langileek erakusten dituzte “gizarte bat, harremantzeko modu bat, familiak, giza portaerak, herriak, kaleak, espazioa, ekonomia, adiskidantza, sexualitatea eta pentsamendu bezala, maitasuna eraikitzeko, antolatzeko eta bizitzeko manera bat, Elgoibartik harago estrapolagarria”.

“Gauzaz betetako liburu bat da”, argitu zuen eta gaineratu kale bati buruzko lana dela: “Merkataritza txikiari buruzko liburu bat, familia negozioen logikatik logika herritarrera bidea marrazten duena. Herriko logika. Haustear den aroa”. 

Hain zuzen ere, aro baten amaiera izan litekeenak bultzatu zuen Alberdi Dendaostekoak idaztera: “Nire bulkadak badauka zerikusirik nostalgia aurreratu batekin, liburu honen ardatza den denda  horretara, kale horretara, ibai arre horretara jaio bainintzen duela 36 urte. Eta zauriak badu ikustekorik denda hori gabe sorterri bat imajinatzeak nigan sortzen duen zuloarekin, bertigoarekin”.

Hala ere, protagonistak ez omen dira idazlea bezain nostalgikoak eta horri esker osatu ahal izan du “kronika sozial sakon eta dibertigarri bat, autoironikoa, txinpartatsua”. Bere esanez, bere libururik “umoretsuena” da.

Aurkezpenaren amaieran, bertaratutako askok liburua erosi eta idazleak sinatuta eraman ahal izan zuten etxera.