Osasun krisiaren ondorioak leuntzeko asmoz, Udalak eta herriko komertzioek erosketa-bonuen sistema jarriko dute martxan. 20 euroko bonuak izango dira, getariarrentzat, herriko establezimenduetan gastatzeko.

Hitzarmena gaur goizean sinatu dute Babexako, Getariako dendarien elkarteko, presidente den Fernando Lopezek eta Haritz Alberdi Getariako alkateak. Hala ere, azken egunetan zabaldutako informazioaren harira, Fernando Lopez Babexako presidenteak argi utzi nahi izan du establezimendu guztiei zuzendutako ekimena dela: “Babexak lagundutako egitasmoa izan arren, elkarte barruan ez dauden komertzioek ere erosketa-txartelak eskuratu ditzakete. Konfinamendu garaian itxita edota modu batera edo bestera ondorioak izan dituzten establezimenduek hartu dezakete parte”.

Erosketa-bonuen sisteman sartu nahi duten establezimenduek datorren asteartetik ostiralera, urriaren 13tik 16ra, izena eman beharko dute. Bete beharreko paperak udaletxean egongo dira eskuragarri. Herritarrek, berriz, urriaren 19tik hilabete bukaera arte izango dute bonoak erosteko aukera Turismo Bulegoan. “Elkarlanean 10.000 euro jarriko dira erosketa-txarteletan, eta guztira, 2,000 bonu egongo dira”, azaldu du Haritz Alberdi alkateak.

Herritarrek, ondoren, hilabete eta erdi izango dute erositako bonuak erabiltzeko: azaroaren hasieratik abenduaren 15era. Alkatearen hitzetan, “Udaletik komertzioak animatu nahi ditugu izena ematera eta dinamika honetan parte hartzera; eta herritarrak, nola ez, bonuak eskuratzera eta bertako komertzioa sustatzen jarraitzera”.

15 euroren truke 20 euroko bonuak

Erosketa-txartel bakoitzak denda jakin baten izena edukiko du eta denda horretan bakarrik erabili ahal izango da. Ondoren, “nahiz eta komertzioek bonu guztiak ez saldu, Udalak dagokien zatia ordainduko die”, berretsi du Alberdik. “Herritarrek 15 euro ordainduko dituzte eta 20 euroko bonu bat jasoko dute”.

Izena ematen duten komertzio guztien artean bonu kopuru berdina banatuko da; hau da, establezimendu guztiek bonu kopuru bera jasoko dute. Bestalde, erosketa-txartela erabiltzeko gutxieneko kostua bost eurokoa izango da. “Bonua bost euroko lau zatitan banatu ahalko da”, horrela, bakoitzarekin, gehienez, lau erosketa egin ahal izango dira.

Lopezek azpimarratu du herritarrei lagunduz hasten den balio-kate bat dela: “Herritarrei balioa ematen die, ondoren merkataritzan eragina du, eta azkenean ekoizlearengan ere bai”.