Joan zen astean jakinarazi zituzten aurtengo Euskadi Literatura Sarietako hiru, eta gaur falta zirenak iragarri dituzte. Kontrako eztarritik lanarengatik Uxue Alberdi Getariako bizilagunak saiakeraren saria jasoko du. Itzulpengintza saria, berriz, Ingeborg Bachmannen Aldibereko lana euskaratzeagatik, Idoia Santamariari emango diote. Bestalde, Aixa de la Cruz idazleak jasoko du gaztelerazko literaturako Euskadi Saria, Cambiar de idea lanagatik; eta Borja Barraguek gaztelerazko saiakerakoa, Larga vida social a la democracia saioagatik.

Iragan den abenduan ARTZAPEk, Kontrako eztarritik lanaren harira, elkarrizketa egin zion Uxue Alberdiri. Solasaldia abenduko aldizkariko aldean ez ezik, bideoan ere jaso genuen. Beraz, idazlearen ahotik saiakeraren inguruko xehetasun gehiago jakin nahi izanez gero, hemen duzue ikusgai elkarrizketa.

Euskal Literatura Saria Karmele Jaiorentzat

Aipatu bezala, Euskadi Sari batzuk lehengo astean iragarri zituzten. Ondorengoak izan dira saritutako idazleak eta lanak: Euskal Literatura Saria Karmele Jaio Eigurenentzat izango da Aitaren Etxea lanagatik; Euskarazko Haur eta Gazte Literaturakoa Iñigo Astizen Joemak eta Polasak liburuarentzat izango da; eta Ilustrazioen Saria Miren Asiainentzat Un millón de ostras en lo alto de la montaña liburuan egindako lanagatik.

Sari banaketa azaroaren 19an, Bilboko Azkuna zentroan, egingo da.

Lotutako albisteak: