2021eko ordenantza fiskalez aritzeko ezohiko udalbatzarra egin zuten atzo Getariako udaletxean. Udaleko bi alderdiak proposamen banarekin aurkeztu ziren eta bereizita bozkatu zituzten. Ordenantza fiskalen lanketaren inguruan sortutako eztabaidak adostasunerako itxaropen handiegirik utzi ez bazuen ere, bi alderdiek bozkatu zuten besteak egindako proposamenen baten alde.

Nahia Iturbek hartu zuen hitza EH Bilduren izenean eta azpimarratu zuen “pandemiak eragindako ondorioak leuntzeko asmoz, dirulaguntzak ematea” izan dela beraien apustua. Laguntzen bitartez irizpide batzuk zehaztu eta behar gehien dutenak lagundu daitezkeela argudiatu zuen, izan ere, “COVID-19ak ez dio mundu guztiari berdin eragin”.

Ondorengoak dira EH Bilduk egindako proposamenak:

  • Tasak eta zergak izoztea.
  • 2021erako, pisu turistikoak etxebizitza huts bezala hartzea. Iturbek azaldu zuenez, iaz etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zergan ezarritako gainordainaren bide beretik doa neurri hau eta herritarren alokairua indartzea du helburu.
  • Irabazi asmorik gabeko eraikuntza, instalazio eta obretan %4,1eko tasa aplikatzea –ez dago aldaketarik honetan–. Irabazi asmoarekin egindako lanetan, berriz, %5eko tasa ezartzea. Bestalde, bertako nekazaritza eta abeltzaintza jardunerako egindako edozein instalazio eta obrari %90eko hobaria aplikatzea.
  • Internet zerbitzua kentzea ordenantza fiskaletatik ez delako erabiltzen.
  • Azokako tarifaren %90eko hobaria herriko nekazari eta abeltzainentzat. Konfinamendu garaian bertako ekoizleak plazan egoteko egindako proposamenarekin jarraitu nahi dute.
  • Hilerrian, nitxoen urte kopuruari luzapena egiteko tasa ezartzea. Egun, 15 urtez ordaintzen dira nitxoak eta horri bost edo hamabost urteko luzapena aplika dakioke. Bost urteko luzapena 98,83 euro lirateke eta ondoren, urteroko tasa 25 eurokoa. Bestalde, panteoietako errautsen ehorztea goizez edo arratsaldez egin, kuota ezberdina jartzea.
  • Musika Eskolako tasa berria sortzea ikastaro berri bat dutelako. Tasa 35,75 eurokoa izango da.

Neurri horiek guztiak onartu ziren, gehienak aho batez, eta besteak EH Bilduko sei zinegotzien aldeko botoekin eta EAJkoen hiruen abstentzioarekin.

EAJk proposatutako TAOaren prezioak ere aho batez onartu zituzten. Hala, autoa eremu horretan ordubetez aparkatzea 1,25 euro kostako da 2021ean eta egun osoan uztea, 10 euro. Txartela atera eta behar baino denbora gehiagoz edukitzen badira ibilgailuak, 15 euroko isuna ezarriko da; txartelik ateratzen ez denean, aldiz, 25 eurokoa.

Era berean, udako bonuak edukitzeko aukera proposatu zuten jeltzaleek. EH Bildukoak ados agertu ziren horrekin, eta aparkalekuen ordenantza berrian kasu ezberdinen zerrenda aurreikusten dela iragarri zuten.

Onarpenik lortu ez zuten beste neurri batzuk ere proposatu zituen EAJk atzoko udalbatzarrean:

  • Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %25eko hobaria eskaintzea COVIDaren eragina jasan duten establezimenduei, baldin eta lokalaren jabeak badira.
  • Etxebizitzetan aktibitate ekonomiko bat garatzen dutenei Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50eko gainordaina ezartzea.
  • Etxebizitzak alokairuan jartzen dituzten etxejabeei, herrian dagoen eskaintza txikia kontuan hartuta, %25eko hobariak eskaintzea, %30ekoa etxea alokatuta dutenak 35 urtetik beherakoak badira.
  • COVID-19ak enpresetan izandako eragina ikusita, traktore eta kamioiei %25 eta %50 arteko hobariak eskaintzea.
  • Autonomoei ere, beraien ibilgailu pertsonala aktibitate ekonomikorako erabiltzen badute, %50eko hobaria trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan.
  • Aktibitate ekonomikoa garatzeko terrazen erabilera beharrezkotzat jotzen duten negozioei %50eko beherapena egitea.

Nahia Iturbek hizpide izan zituen oposizioaren ekarpenak, eta azpimarratu zuen horietako batzuk –establezimenduentzako eta trakzio mekanikodun ibilgailuentzako hobariak kasu– egokiago bidera daitezkeela dirulaguntzekin. Bestalde, bere alderdiak etxeetan garatutako aktibitate ekonomikoan etxebizitza turistikoak salbuespen gisa hartu zituela aitortu zuen “sortzen duen desorekagatik”. Bere iritziz, bestelako aktibitateak ez dira “ikaragarri pila ematen” eta ez dute desorekarik eragiten. Urrestiren ustez, zigortu egin beharko litzateke jardun hori, “aktibitate horrekin dirua irabazten delako eta, aldi berean, ez delako etxebizitza hori merkatura ateratzen bertako jendeak gozatu ahal izateko”.

Etxebizitzen alokairuan ere izan zuten kontrakotasuna bi alderdiek, izan ere, EH Bildurentzat EAJren proposamenak etxejabea hobaritzen du eta ez “benetan laguntza behar duena, alokairuan dagoena”. Jeltzaleentzat, aldiz, neurri horrekin etxea alokairuan jartzera animatzeko onura bat eskaintzen da, “Getarian, momentu honetan, ez dagoelako ezer alokatzeko”.

Desadostasunak lan egiteko moduan

Proposamenak azaldu aurretik, horietara heltzeko jarraitutako bidea izan zuen hizpide Haritz Alberdi alkateak. Uztailaren amaierako udalbatzarrean hartutako konpromisoaren ondoren, gai honekin “nolabait, bihotza puskatu” zaiola adierazi zuen. “Aktan jasota dago EAJren eskaera dela ea posible izango litzatekeen gaiak elkarrekin lantzea, hala nola, udal fiskalitatea. Poza nabaritu zen opor hasiera hartan, baina hortxe geratu da kontua”, zehaztu zuen. Udalean daramaten urte eta erdian ez dela elkarlanik egon iradokita, uztailean beste aukera bat ematea erabaki omen zuten, pentsatuz aldaketak bazetozela.

Ikasturte berriaren hasierarekin aurkeztu zuen EH Bilduk ordenantza fiskalen proposamena, Alberdiren hitzetan. Irailaren amaieran onartzea zuten helburu baina, hilaren 15eko batzorde informatiboan, atzeratzea eskatu zuen EAJk. “Batzorde hartan, adostasuna bilatzeko data zehatz bat proposatu nuen. Tartea behar zutela eta elkartuko ginela esan zitzaigun EAJtik”, azaldu zuen alkateak. Erantzunik gabe eta proposamen bakarrerakin, urriaren 7an egin zuten atzoko ezohiko udalbatzarrerako deia.

Egun bat beranduago aurkeztu zuen EAJk ordenantza fiskalen proposamena. Alberdik nabarmendu zuenez, “udaletxean emandako sarrera baten bitartez jaso genuen horren berri, eta gero prentsan ikusi denez, beste batzuek ere jaso zutela uste dut”. Epeen harira, alkateak gogorarazi zien EAJko kideei urgentziazko gaiak ez zirenak garaiz lantzea defendatu zutela uztailean.

Egoera ikusita, “esperantzara kondenatuta” daudela aitortu arren, bere alderdiak ateratako ondorioa mahaigaineratu zuen: “Uste dut hizkuntza ezberdinetan hitz egiten dugula eta hitza ematen dugula baina haizeak eramaten duela”.

Aitor Urresti EAJko bozeramaleak Alberdiren sarrera “lotsagarria” iruditu zitzaiela esanez ekin zion jardunari, “bai behintzat errespetu demokratiko baten barruan”. Kolaboratzeko gogoa bazegoela eta badagoela argitu zuen, eta gehiengoa EH Bilduk izanik, laguntzeko daudela: “Oposizioa ere egiten dugu baina herriaren onura bilatzen dugu”.

Alkatearen hitzei erreferentzia eginez, berari ere “bihotza puskatu” zaiola azaldu zuen Urrestik, ordenantza fiskalen proposamena joan den ostegunean aurkeztu eta ez duelako jaso ez deirik ez mezurik. “Kolaboratu nahi bada, eta biok eskutik joan nahi badugu, uste dut egokiena iritzia partekatzea izango litzatekeela”, adierazi zuen. Elkartu eta akordioak lortzeko aukera azken unera arte egoten dela nabarmendu zuen.

Beste udalbatzar batzuetan egin moduan, zenbait gairen inguruan eskatutako informazioa ez zaiela heldu salatu zuen, hala nola, etxebizitza turistikoen ingurukoa, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren gainordaina nori aplikatuko zitzaion zehazteko iaz eskatutakoa, azken urtean ondasunen zerga %50 igotzeak ekarritakoarena edo nekazaritzaren inguruko neurrien onuradunena.

Balorazioarekin amaitzeko, liberatuen gaia atera zuen Urrestik: “Gogoratu nahi dut hemen bi zaudetela lanean. Gu gure gauzetan gaude eta lanean jarraitzen dugu; deitzen zaigun bakoitzean etorriko gara eta hitz egingo dugu”. Ibon Gereka EH Bilduko bozeramaleak lanaldi bat eta erdi dutela esanez zuzendu zuen. Ane Loidi Ongizate zinegotzia, aldiz, harago joan eta udalekoa lan-jardun gisa ez dutenen zeregina aldarrikatu zuen: “Sei gaude, gu ere lanean ari gara”.

Zuzenketa dirulaguntzen plan estrategikoan

Duela bi asteko ohiko udalbatzarrean 2020-2023ko dirulaguntzen plan estrategikoaren aldaketa onartu zuten udaleko bi alderdiek. Izapidetzan akats bat izan zen, ordea, eta atzoko ezohiko udalbatzarreran ondoren, presazko beste bat egin zuten, aho batez, akats haren zuzenketa onartzeko.

 

Lotutako albisteak: