Artzape Euskara Elkarteak antolatuta, 19:30ean hasita, datorren asteazkenean eskainiko da Korosagasti filmaren hiru emankizunetatik lehenengoa Iturzaeta Aretoan. Asteazkenekoa, gainera, berezia izango da; izan ere, ekoizpen lanetan aritu diren, Asier Sustaeta zuzendaria eta Joseba Fuentes produzkio taldeko kidea bertan izango dira. Hala, filma ikusteaz gain, lantaldeko kideekin solasean aritzeko aukera izango da. Haiek ekoizpenaren inguruan hitz egingo dute eta ikusleen artean sortu daitezkeen galderak edota zalantzak argituko dituzte.

ARTZAPEk Sustaetarekin hitz egiteko aukera izan du eta ikusleek lan kooperatibo bat bilatuko dutela azaldu digu: “Hemen, bailaran, kooperatiboki ekoiztu dugun film bat da eta duela 96 urte Beizaman gertatutako gertakari batzuen inguruan dago oinarrituta. Iruditzen zitzaigun ahanzturan erortzeko arrisku dezente zuela istorio horrek, eta beraz, horri heldu eta modu amateur eta kooperatibo batean film bat ekoiztu dugu”.

Korosagasti hemen inguruko herritarren artean egin da. Getariako bi bizilagunek ere, Joseba Fuentesek eta Enkarna Urzaizek, bertan parte hartu dute. Lehenengoak produzkio lanak egin ditu, bigarrena, berriz, figurante modura aritu da. Sustaetaren hitzetan, “oso esperientzia aberasgarria” izan da. “Hainbat hedabideren bitartez deialdiak egin genituen. Pixkanaka-pixkanaka jendea proiektura batzen hasi zen eta azkenerako, kide guztiak kontutan hartuta, 200 lagun inguru elkartu ginen”. Partaide horiek guztiak musu-truk edo ia musu-truk aritu dira lanean, “ahal zuten heinean ahal zutena eskainiz, bakoitzak bere hondar aletxoa jarri du”.

Azpeitian arrakasta itzela

Dagoeneko zazpi-zortzi herritako emankizunak lotuta dituzte, tartean Getariakoa. “Azpeitian bost emanaldi egin genituen eta bostak, segituan, sarrerarik gabe geratu ziren. Harrera ona izango zuela espero genuen, baina horrelakorik ez”. Jendea filma ikusteko gogoz geratu dela aitortu du zuzendariak, beraz, datorren astean, Getarian izango dute nahi hori asetzeko parada.

Asteazkenean ez ezik, ostiralean eta igandean ere Erabaki Produkzioaken ekoizpena proiektatuko da. Ostiralekoa 22:00etan hasiko da, igandekoa, berriz, 19:30ean, hauek ere Iturzaeta Aretoan. Sarrerak Harritarte dendan daude eskuragarri; asteazkenekoak lau euroren truke eta ostiralekoa eta igandekoa bost euroren truke.

Argazkia: Korosagasti

 

Lotutako albisteak: